Goenatxo II.a: "Niretzat, lehen txapelak adinako meritua dauka azkenak"

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 9a, 18:53

Hamaika plaza egindakoa den arren, aurrez aurrekoan ez du plazagizonaren tenplerik Juan Jose Unanue 'Goenatxo II.a'-k (Azkoitia, 1959). Galderak azkar eta motzean erantzuten ditu, eta argazki kameraren aurrean deseroso sentitzen da, lotsatuta bezala. Grabagailua itzalita, lasaiago jardun du, emaztea alboan duela. Etxekoei zegokien denbora lapurtu izana da harriari leporatzen dion gauza bakarra. Orain plazak eta lana utzita, etxekoekin duen zorra kitatzeko erabili beharko du egunari irabazi dion astia. Eta gerrialdea pixka bat bigundu arte, pazientzia beharko du.

Nolako haurtzaroa izan zenuen Elosuko Goenatxo baserrian?

Aita, ama eta sei anai-arreba ginen etxean; laugarrena naiz ni. Baserrian ardi batzuk eta behi batzuk bagenituen, eta lagundu egin behar izaten genuen, aitak fabrikan lan egiten zuelako. Eskola, berriz, sekula ez zait gustatu izan, baina joan beharra zegoela eta, joan egiten nintzen. 12 urterekin utzi nuen, eta 13 urterekin hasi nintzen lanean.

Nolatan heldu zenion harriari?

Gure anaia zena ibili zen harri jasotzen. Nik etxean huraxe ikusten nuen, eta haren bueltan ni ere hasi egin nintzen, 17 urterekin. 18 urterekin jokatu nuen lehendabiziko txapelketa.

Jokatu eta irabazi.

Bai, Azkoitiko plazan izan zen, harri baldar batekin. Orduan hasi eta ia oraintxe arte jardun dut.

Beste kirolik probatu izan duzu?

Ez. Harriarekin hasi eta bukatu dut, beste ezertarako astirik gabe.

Oso gazterik galdu zenuen anaia, Goenatxo I.a. Kolpe latza izango zen…

29 urterekin hil zen, istripuz. Kolpe latza izan zen, bai niretzat eta bai beste denentzat.

Nola eragin zizun anaiaren heriotzak?

Orduantxe ari nintzen izen pixka bat hartzen, baina asko kostatu zitzaidan anaiarena gainditzea.

Harria uzteko tentaziorik izan zenuen?

Bai, noizbait bai. Egia esateko, 20-21 urtetik 27 bat bete nituenera arte ez nuen ezer handirik egin. Orduan hasi nintzen berriz harria gogoz hartzen eta neure burua hobeto prestatzen.

Irakurri elkarrizketa osorik Gipuzkoako Hitza-n.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide