Gipuzkoako Batzar Nagusiek harrera egin diete Itsas Salbamendu Humanitarioko kideei

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 9a, 16:04

Xabier Ezeizabarrena lehendakariarekin elkartu dira gobernuz kanpoko erakundeko hainbat kide, eta tartean, Nerea Machado azkoitiarra izan da. Machadok eta beste kideek Aita Mari ontziak egindako erreskatearen berri emateko eta migratzaileen krisiaz aritzeko tartea hartu dute Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoko batzordean.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Xabier Ezeizabarrenak Aita Mari erreskate ontzia itsasoratu duen Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeko kideak hartu ditu gaur, astelehenea, eta horien artean, Nerea Machado azkoitiarra izan da. Gobernuz kanpoko kideak lehendakariarekin batzartu dira, eta horren ostean, Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoko batzordean parte hartu dute, Aita Marik joan zen hilean egindako erreskatearen berri emateko asmoz. Era berean, migratzaileen krisiaz hitz egiteko tartea ere hartu dute Machado, Iñigo Mijangos eta Iñigo Gutierrez gobernuz kanpoko erakundeko kideek.

Ezeizabarrenak eskerrak eman dizkie erakundeko ordezkariei, Mediterraneoan "giza eskubideak babesten" egiten ari diren lanarengatik, eta Gipuzkoako foru parlamentuak bide horretan lan egiteko duen "konpromisoa" berretsi du lehendakariak: "Guk Aita Mariko taldeari erantzungo diegu, eta erakunde bezala, prest gaude lan egiten eta laguntzen jarraitzeko, ahal dugun neurrian". Bestalde, Europaren jokaera salatu du Ezaizabarrenak: "Oinarrizko eskubideak jokoan daude, baina ikusten dugunez, Europar Batasuneko kide diren estatu batzuek eta Batasunak berak ez dituzte bermatzen".

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide