Iban Larrañaga Binakako Erremonte Txapelketaren finalerdietara sailkatu da

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 9a, 14:09
Iban Larrañaga.

Azken jardunaldian lortutako emaitza onei esker, Binakako Erremonte Txapelketako finalerdietarako sailkapena lortu du erremontista azkoitiarrak. Xanti Uterga aurrelari doneztebearra izango du bikote txapelketa amaitu bitartean.

Iban Larrañaga erremontista azkoitiarra Binakako Erremonte Txapelketako finalerdietan da. Joan den zapatuan, abenduak 7, garaipena lortu zuen ligaxkako azken jardunaldian Javier Urrizarekin, eta ezustekoa emanda sailkapena lortzeko behar zituen puntuak lortu zituen, zortzi guztira. 40 eta 34 nagusitu ziren Ansa II.a-Ion bikotearen aurka.

Partiden zein pilotarien sailkapenetako azken postuan zen zapatura arte Larrañaga, baina lau puntu batu zituen tanto gehien egin zituzten atzelaria Larrañaga izan zelako, eta beste lau partida irabazteagatik. Guztira zortzi puntu batu zituen, eta aurrez zituen beste hamabi punturekin, 20 batu ditu guztira.

Aurrerantzean, Utergarekin

Guztira, sei erremontista sailkatu dira finalerdietara. Puntu gehien batu dituen aurrelaria puntu gutxien batu dituen atzelariarekin arituko da aurrerantzean, eta puntu gutxien batutako aurrelaria puntu gehien egin dituen atzelariarekin; bigarren aurrelaria eta atzelaria, berriz, elkarrekin arituko dira. Uterga-Larrañaga, Urriza-Barrenetxea IV.a eta Matxin III.a-Azpiroz dira bikote berriak.

Datorren ostegunean, abenduak 12, hasiko dira Binakako Erremonte Txapelketako finalerdiak, eta Larrañaga Uterga aurrelari doneztebearrarekin arituko da txapelketa amaitu bitartean. Urriza eta Barrenetxea IV.a izango dituzte aurkari nafarrak eta azkoitiarrak. Irabazleek, berriz, Matxin III.a eta Azpirozen aurka jokatu beharko dute, abenduaren 14an. Finala abenduaren 28an jokatuko dute. Partida guztiak Galarretan jokatuko dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide