2020ko aurrekontuetarako sei neurri proposatu dizkio EH Bilduk Udal Gobernuari

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 5a, 20:01
Azkoitiko EH Bilduko kideak.

2020ko aurrekontuei oinarri "sozial eta kulturala" gehitzeko eskaera egin dio koalizio abertzaleak EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Udal Gobernuari. Datorren osoko bilkuran aurkeztuko ditu proposamenak EH Bilduk.

Hil honen bukaeran bozkatuko dituzte Azkoitiko Udalean 2020. Udal aurrekontuak, eta EH Bilduk sei eskaera egin dizkio EAJri eta PSE-EEri aurrekontuak babesteko. Ainara Goenaga EH Bilduren bozeramaileak adierazi duenez, oinarri "sozial eta kulturala" gehitzeko eskaerak egin dizkiete Udal Gobernuari. Guztira, 195.314,59 euroko proposamena egin du EH Bilduk aurrekontuetarako.

Alde batetik, udaleko berdintasun teknikaria lanaldi osoz jarduteko diru partida jartzea eskatu du koalizio abertzaleak. Goenagaren arabera, ez da "txukuna" EAJk eta PSE-EEk horren inguruan egiten duten proposamena: "Berdintasunean lanaldi osoz jardungo duen pertsona bat behar du Azkoitiak, eta ez lanaldi erdian berdintasuneko eta prebentzioko lanak egiten egongo dena". Ildo horretatik, diru partida igotzeaz gain, berdintasun teknikaria udaleko plantillan sartzea eskatu dute. Bestetik, "behar gehien duten" adindunentzat dirulaguntza martxan jartzea eskatu dute EH Bilduko kideek. Neurri hori "presazkoa" dela azaldu du Goenagak, eta adindunek ezin dutela Espainiako estatutik "zer etorriko zain" egon: "gure pentsiodunek bizitza duinak merezi dituzte bizitza guztia lanean pasatu ondoren, eta herritarren ordezkarioi hori bermatzea dagokigu".

Arlo kulturalean ere hainbat proposamen egin du EH Bilduk. Alde batetik, kultura plan integrala egiteko baliabideak jartzea eskatu diete Udal Gobernuari, modu horretara, herriko kulturaren egoera "ondo ezagutu" eta horri "zukua" ateratzeko. Koalizio abertzalearen arabera "beharrezkoa" da kulturaren inguruan lanean dabiltzan herriko eragileak nahiz norbanakoak aztertzea, Azkoitiko "bizitza kulturalaren biziberritzean" sakontzeko. Bestetik, Xabier Munibe Ikastolaren 50. urteurrena izan dute hizpide EH Bilduko kideek, eta urteurrenaren harira ikastolakoak egiten ari diren ekimenak udaletik "babestu" egin behar direla nabarmendu dute; horretarako, baliabide ekonomikoak jarrita.

Urola eskualdeko Urolako Komunikazio Taldea kooperatiba berriari, berriz, "behar duen bultzada" eman behar zaiola azaldu du Goenagak, eta hara bideratutako partida igotzeko eskatu dio Udal Gobernuari. Elkarguneko irisgarritasunaz ere aritu da koalizio abertzalea; Instalakuntza Duinak Orain taldea eta Marea Urdia irisgarritasuna bermatzeko lanean dabiltzala azpimarratu dute EH Bilduko kideek, eta Elkarguneko seinaleak "irisgarri egiteko" diru partida handitzea eskatu diote EAJri eta PSE-EEri.

Azkenik, Goenagak azpimarratu du "negoziatzeko prest" eta "eskuak zabalik" daudela, eta Javier Zubizarreta alkateari oposizioaren eskaerak kontuan hartzeko eskatu dio.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide