Auto klasikoen eta historikoen topaketak egingo dituzte igandean

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 5a, 10:14

Igande goizean, Loiolan elkartuko dira, eta handik itzulia egingo dute Azkoitia eta Azpeitia aldera. 13:00etan berriz Loiolan elkartu ostean, bazkaria egingo dute Kirurin. Ibilgailu klasikoak eta historikoak dituzten oro gonbidatu dituzte antolatzaileek egitasmora.

Azkoitiko Ibilgailu Klasikoak, Axiri Clasic, Nuvolari eta Ralenti Zumaia taldeek eta Lagun Artea eskuderiak antolatuta, auto klasikoen eta historikoen topaketak egingo dituzte igandean, hilaren 8an. 09:00etan, Loiolako Kiruri jatetxearen aurreko aparkalekuetan elkartuko dira, eta 10:45ak inguruan, itzulia egingo dute Azkoititik eta Azpeititik. Ondoren, 13:00etarako berriz elkartuko dira auto guztiak Loiolan, eta herritarrek bertatik bertara ikusteko aukera izango dute. Eguerdian, berriz, bazkaria egingo dute Kirurin, eta hara joan nahi duenak 620 85 67 55 telefono zenbakira deituta eman dezake izena.

Antolatzaileek adierazi dutenez, hogeita bost urtetik gorako autoak dituzten herritar orok parte har dezake egitasmoan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide