Euskara bete plaza

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 3a, 12:28

Euskararen Egunean, ehunka ume eta gazte elkartu dira herriko plazan, eta hainbatek beraien bizipenak plazaratu dute. Arratsaldean, mahai-ingurua egingo dute iaz Euskaraldian parte hartu zuten zenbait herritarrek, eta manifestua irakurriko dute. Horrez gain, bertsolariek girotuko dute saioa, eta gaztainak banatuko dizkiete Kontzejupean elkartzen direnei.

Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur, eta horren aldeko aldarria lau haizetara zabaltzeko, Azkoitiko ehunka umek eta gaztek herriko plaza hartu dute beste urte batez. Ohi bezala, ikastetxeetatik kalejiran joan dira plazara, eta han ekitaldia egin dute. Horietatik hainbat haurrek, gainera, euskararekin dituzten bizipenak kontatu dituzte agertokitik, eta Javier Zubizarreta alkateak, bere aldetik, udaletxeko balkoititik hitz egin du; euskara erabiltzearen, aldarrikatzearen eta zabaltzearen garrantzia azpimarratu du hark.

Aurtengoan, Ahobizi pegatinak soinean zituztela elkartu dira ikastetxeetako kideak herriko plazan, eta hori ez da gaurko egunean Euskaraldiari egingo dioten keinu bakarra izango; izan ere, Euskara Mahaiak antolatuta, arratsaldean beste ekitaldi bat egingo dute, eta orduan, iazko Euskaraldian parte hartu zuten hainbat Ahobizik eta Belarriprestek beraien bizipenak kontatuko dituzte. 18:30ean hasiko da mahai-ingurua, Kontzejupean, eta solasaldiaz gain, aurtengo Euskararen Eguneko manifestua irakurriko dute, eta bertsolariak eta gaztaina jana ere izango dira. Amaitzeko, argazkia aterako dute han elkartutako guztiek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide