Emakunderen autobus ibiltaria Azkoitian izan da

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 2a, 19:27

Gaur, astelehena, Emakunderen autobus ibiltaria izan da Azkoitian, eta bertan hainbat herritarri berdintasunaren inguruko informazioa banatu diete. Besteak beste, historian zehar hainbat alorretan famatuak izan diren askotariko emakumeen berri eman dute Emakundeko kideek autobusean.

Azken urteetan bezala, aurten ere Emakunderen autobus ibiltaria herriz herri dabil berdintasunaren inguruko informazioa banatzen, eta gaur, astelehena, Azkoitian egin du geldialdia. Askotariko informazioa jarri dute eskuragarri Emakunderen autobusean; besteak beste, erakundeak urte osoan zehar egiten dituen ekintzen inguruko berri ematen duten pantailak jarri dituzte, baita historian zehar hainbat alorretan esanguratsuak izan diren 30 emakumeren inguruko informazioa ere. Emakume horien artean, gainera, bi azkoitiar daude: Bizenta Mogel idazlea eta Julene Urzelai kazetaria. Bestalde, haurren txokoa ere jarri dute autobus barruan.

XVI. Berdintasun Gunea izan da aurtengoa. Orain arteko edizioetan autobus ibiltaria eskoletako haur eta gaztetxoei zuzendurik egon ohi zen, baina edizio honetan herritar guztientzat egon da zabalik ibilgailua. 16:30ean zabaldu dute autobusa, eta hainbat herritar joan da hara berdintasunaren inguruko informazioa jasotzera arratsaldean zehar. Besteak beste, Mertxe Zubillaga Udaleko berdintasun zinegotzia izan da Emakunderen autobusean.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide