Gipuzkoako txapelketa ere jokoan izango da 2020ko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 29a, 14:43

Azkoitia eta Azpeitia arteko maratoi erdiak aurten ere Gipuzkoako txapeldunak izendatzeko balioko du. Proba horretan parte hartu nahi dutenek Gipuzkoako Atletismo Federazioan eman behar dute izena. 

Aurreko edizioetan bezala, Azkoitia-Azpeitia probaren barruan jokatuko da aurten ere Gipuzkoako txapelketa. Gipuzkoako txapelketan lehiatu nahi duten atletek aurrez izena eman behar dute Gipuzkoako Atletismo Federazioan (GAF); gainerako korrikalarientzako izen ematea irekita dago.

Datorren martxoaren 28an izango da nazioarteko maratoi erdia, eta goi mailako korrikalariak etortzeaz gain, Gipuzkoako txapeldunak izendatuko ditu. Gipuzkoako txapelketan parte hartzeko, federatuta egotea eta gutxieneko denborak baieztatzea ezinbestekoa izango da. Gizonezkoetan, maratoian 2:45:00, maratoi erdian 1:15:20 edo 10 kilometroetan 00:33:00 dira federazioak eskatzen dituen gutxienekoak; emakumezkoetan, berriz, 3:24:00, 1:35:00 eta 00:43:00, hurrenez hurren. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide