'Jai eta aste, euskara aske' lelopean ospatuko dute asteartean Euskararen Nazioarteko Eguna

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 29a, 09:33

Datorren asteartean, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu zabalean, eta Azkoitian goiz eta arratsalde izango dira gure hizkuntzaren aldeko ekintzak.

Euskara Mahaiak eta Udalak elkarlanean, hainbat ekintza antolatu dituzte abenduaren 3rako, astearterako, euskararen aldeko aldarria egiteko 'Jai eta aste, euskara aske' lelopean. 11:30ean suziriaren danbateko hotsarekin batera, ikasleak herriko plazan bilduko dira. Bertan Javier Zubizarreta alkateak egingo die harrera udaletxeko balkoitik, eta ondoren, gaztetxoek beraien hitzekin azalduko dute euskara eurentzat zer den. Goiza borobiltzeko, udaletxeko balkoian pankarta bat zintzilikatuko dute.

Arratsalderako antolatutako ekitaldiak bertsoekin hasiko dira. 18:30ean hasiko da saioa, Kontzejupean. Ondoren, mahai-ingurua egingo dute Euskaraldiaren lehen edizioan Ahobizi eta Belarriprest izan ziren hainbat herritarrekin, eta talde argazkia atera eta gero, Euskara Mahaiak gaztaina erreak banatuko ditu. Euskara Mahaiak gogorarazi nahi du Euskaraldiaren bigarren edizioa bidean dela. 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo dute euskararen aldeko ekimenaren bigarren zatia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide