Klubaren irudi berria aurkeztu du Iraurgi Saskibaloiak

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 28a, 19:04

Xanti Rodriguez azpeitiarrak egin du Azpeitiko eta Azkoitiko saskibaloi taldearen ikur berria. Abenduaren 28an Azpeitiko kiroldegian jokatuko den Espainiako Zilarrezko LEB Koparen finalaren gaineko xehetasun batzuk ere aurkeztu dituzte logotipoaren aurkezpenean.

Hiru urte inguru dira Iraurgi saskibaloi taldearen irudia berritzearen inguruan hizketan hasi zirela saskibaloi taldekoak eta Xanti Rodriguez argazkilaria, "berritu beharra ikusten genuelako", azaldu du Jose Luis Zubizarreta Xubi Iraurgi SBko kideak. "Prozesu luzearen ondoren" irudi berria aurkeztu dute gaur Xanti Rodriguezen argazki estudioan. Saskibaloi klubaren irudi zaharra, ordea, ez dute egun batetik bestera erretiratuko; berriak zaharrari erreleboa pixkanaka hartuko diola azaldu dute. "Izan ere, 27 saskibaloi taldek dagoeneko kamisetak eginda dauzkate irudi zaharrarekin, eta ezin dugu orain denak aldatzen hasi. Egin behar diren ekipazio berriak hasiko dira irudi berriarekin egiten". Irudia "garrantzitsua" da klubarentzako: "Komunikazio aldetik eta sozialki duen garrantziagatik". Iraurgi saskibaloi taldearen gaur egunera arteko irudia, elkarteko lehendakari zela Iñaki Uria azkoitiarrak egin zuela gogorarazi du Zubizarretak. "Ibilbide luzea egin du irudi horrek eta nahiko ezaguna ere egin da. Ea irudi berriak antzeko ibilbidea egiten duen, estreinaldia behintzat indartsua izango du abenduaren 28an Zilarrezko LEB Kopako partidan". Xanti Rodriguezi eta Alex Berasategiri eskerrak eman dizkie Zubizarretak ISBren irudi berria egiten hartu duten lanagatik.

Segidan, Xanti Rodriguezek irudi berriaren xehetasunak azaldu ditu. Irudi berria egiteko prozesua poliki-poliki egindakoa izan dela azaldu du, "ez da bat-batekoa izan". Estudioko kideen eta saskibaloi klubekoen artean hitz eginez osatu dute: "Klubaren beraren ezaugarriak kontuan hartu ditugu, gaur eguneko irudi bat sortuz. Bozetoak egin genituen aurrena, eta otsoaren irudia erabiltzeak badu zentzua. Otsoa Azpeitiko harmarrian azaltzen da, eta Iraurgiren maskota bera ere otsoa da. Kolore aldetik ere aldaketa dauka lehengoarekin alderatuta".  Bukaerako emaitzarekin "oso gustura" gelditu direla azaldu du Rodriguezek, azkenean beraiek nahi zuten hori "transmititzen" duelako irudi berriak. "Gustu handiz egin dugu lan hau", gaineratu du argazkilariak.

Abenduaren 28ko Kopako partidaren xehetasunak

Iraurgi ISBren irudi berria jendaurrean abenduaren 28ko Espainiako Zilarrezko LEB Ligako Kopako partidan aurkeztuko dute. Egun horretan, Juaristi ISBren eta Gironaren artean jokatuko da Kopako partida Azpeitiko kiroldegian, 19:00etan hasita.

Kopako partida hori antolatzeko Iraurgik izan dituen zalantzak eta kezkak argitu ditu Zubizarretak. "Atzo arratsaldean erabaki genuen Azpeitian kopako partida antolatzeko pausoa ematea. Zer da Kopa? Espainiako saskibaloiko Zilarrezko LEB Ligak bi multzoko formatua dauka: ekialdea eta mendebaldea. Juaristi ISB mendebaldeko multzoan ari da lehian. Denboraldiko lehenengo itzulia bukatzen denean, bi multzoetako aurrenekoek Kopa jokatzen dute, partida bakarrera. Urtero txandaka jokatzen da; hau da, iaz ekialdeko aurrenekoaren kantxan jokatu zen, beraz, aurten mendebaldean jokatzea egokitzen da, gure etxean, alegia. Lehen itzulia aurrena bukatu du Juaristi ISBk bere multzoan, eta kopa antolatzeko eskubidea daukagu. Gure aukerak bi izan dira: bata, guk antolatzea kopa eta bestea, antolatzeari uko egitea. Guk antolatzeari uko egin bagenio, Gironak edukiko luke antolatzeko aukera. Hark ere uko egingo balio, berriz, federazioak erabaki beharko luke non jokatu".

Kopa antolatzeko federazioak eskatzen dituen baldintzak bete beharko ditu Iraurgi SBk orain. "Aurreneko baldintza zen 2.000 pertsonako harmaila izan behar genuela, guk horretarako Donostiara jo beharko genuke. Baina harmaila gehiago jarriko genituela agindu genion federazioa, kiroldegia 1.400 pertsona sartzeko moduan egokituz. Ez dugu ezezkorik jaso. Aurrekontu aldetik diru asko da, eta guretzako errazena Gironara joatea izango litzateke. Baina bide errazena inoiz ez dugu hartu, ezta oraingoan ere. Bitarte honetan, Juaristi enpresarekin eta Azpeitiko Udalarekin hitz egin dugu. Kostu bat dauka, egun bateko gestioa izateko garestia da, baina zerbait lortu dugu. Zalantza asko izan ditugu, baina onartu egin dugu Kopa Azpeitian jokatzea". Kopako partida antolatzeak eskatzen duen aurrekontu handiari aurre egiten laguntzeko eskaera ere egin du Zubizarretak: "Laguntza txiki bat emateko prest dauden enpresa txikiak edota norbanakoak isb@isb.eus helbidera idatz dezatela". Gironatik ehun bat lagun etorriko direla aurreratu du Iraurgikoak.

Kopako partidaren bueltan, egun osoko egitaraua prestatzeko asmoa du ISBk. Goizean, saskibaloi jolasak jarriko dituzte Azpeitiko plazan. Jolasean Iraurgiko teknifikazio eskoletan dabiltzan 300 haur ariko dira. Horientzako txokolate jana ere antolatu nahi dute Elikagunean. Aulki gurpildunen saskibaloi partida bat ere antolatzeko asmoa ere azaldu du Zubizarretak, horretarako, baina, nahiko zailtasun ikusten dituzte. Ondoren, 19:00etan jokatuko da Kopako partida.

Abenduaren 9tik 22ra sarrerak aurrez salgai

abenduaren 9tik 22ra jarriko du Iraurgik abenduaren 28rako Kopako partidarako sarrerak aurrez erosteko aukera: abenduaren 9tik 22ra bitartean Iraurgiko taldeek jokatuko dituzten partidetan eta asteazkenetan, ostegunetan nahiz ostiraletan Azpeitiko Kiroldegiko leihatilan, 18:00etatik 20:00etara.

Partidarako sarreren prezioak:

- Orokorrak: 15 euro
- 5 eta 18 urte bitarteko gazteak: 5 euro
- Iraurgiko bazkideek: 5 euro (abenduaren 22ra bitartean, beste bi sarrera eskuratzeko aukera izango du bazkide bakoitzak bosna eurotan).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide