Ohiko udalbatzarra egin dute Azkoitian

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 28a, 11:33

Atzo, azaroak 27, ohiko udalbatzarra egin zuten udaletxean ordezkaritza duten lau alderdietako kideek, udaletxeko bilkura aretoan.

Besteak beste, Arau Subsidiarioak, Irisgarritasun Plana eta Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpen instituzionala izan zuten hizpide Udalean. Hona hemen landu zuten gai zerrenda.

  1. Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.
  2. Azkoitiko Arau Subsidiarioen 4. aldaketari dagokion espedientean, 3. area 'San Martin', 24. area 'San Juan' eta 25. area 'Basarte' eremuei dagokien behin betiko onespenaren ofiziozko berrikuspena.
  3. Azkoitiko Irisgarritasun Planaren fitxen aldaketa.
  4. Kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udaleko 5 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.
  5. Boliviako gizartea pairatzen ari den egoeraren aurrean EH Bildu udal taldeak eta EAJ udal taldeak aurkeztutako mozioak.
  6. 2019ko Euskararen Nazioarteko Egunerako EAJ eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutako Adierazpen Instituzionala.
  7. Behin betiko onespenen berri ematea.
  8. Aurrekontuari buruzko informazioa.
  9. Galde-erreguak.

Lehen bi puntuak aho baztez onartu zituzten alderdi guztiek, baita hirugarrena ere. Ana Azkoitia zinegotziak Azkoitiko Irisgarritasun Planaren fitxen aldaketaren berri eman zuen, eta zehaztu zuen irisgarritasun aldetik datozen urteetan "jarduketa garrantzitsuak" egon daitezkeela Floreagan, igerilekuan edota Gaztanenea Hizkuntza Eskolan. "Jarduketa batzuk nahikoa azkar egingo beharko ditugula ikusita, erabakitzen da plana osotasunean egin beharrean hiru fitxa aldatzea, dirulaguntzak eskatu behar direnean horiek planean txertatuta eta jasota geldi daitezen", adierazi zuen Azkoitiak.

Laugarren puntuan, berriz, kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udaleko 5 zenbakidun espedientearen hasierako onespena izan zuten hizpide. EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk baiezkoa bozkatu zuten, Azkoitia Bai Herri Plataformak, aldiz, ez. Jose Joakin Etxanizek azaldu zuen, "legealdiko plana beste alderdiekin adosteko borondatea" erakutsi ezean, ez dituztela kreditu aldaketak baloratuko. Datorren urteko aurrekontuetan beste alderdien ekarpenak "aintzat hartzea" eta aurrekontu irekiak "bultzatzea" eskatu zuen, halaber, zinegotziak. 11.000 euroko kreditu trasferentzia erabaki zuten. Ana Azkoitiak adierazi zuen "ia urtero" ekartzen dutela urte amaieran gaia zerrendara. "Udalak dituen zorretan aurreikusten dugu interesentzat eta amortizazioentzat partida, baina interesen kalkulua egiten denean normalean soberan gelditzen da eta amortizazioetan falta", nabarmendu zuen. Partida batetik bestera 8.000 euro pasatzea erabaki zuten. Halaber, Emakumeen Sustapenerako dirulaguntzetarako aurreikusitako 3.000 euro, Elkar-Ekin planari —1.500 euro— eta Malen Etxeari —1.500 euro— bideratuko dizkiote. 

Bosgarren puntuan, EH Bilduk eta EAJk mozio bana aurkeztu zuten Boliviako gizartea pairatzen ari den egoeraren aurreran. EH Bilduren mozioak gainerako alderdi guztien aurkako botoa jaso zuen. EH Bilduren eta EAJren mozioen artean "bat egin" daitekeela azaldu zuen Javier Zubizarretak, eta esan zuen horregatik bozkatu zutela ezetz. EAJren mozioa, berriz, PSE-EEk babestu zuten. EH Bilduk eta Azkoitia Baik, berriz, ezezkoa bozkatu zuten. Koalizio abertzaleak adierazi zuen, EAJk aurkeztutako mozioaren aurka daudela "mozioan agertzen den errelatoarekin ados ez" daudelako. Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Baiko kideak, aldiz, mozioen eta adierazpenen aurka agertu zen. "Gure taldea adierazpen eta mozioekin aspaldi aspertu zen, eta herritarrei ere ez dugu uste ezer aportatzen diegunik irakurketa soil horiekin". 

2019ko Euskararen Nazioarteko Egunerako EAJ eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutako Adierazpen Instituzionala ere izan zuten hizpide. Adierazpena babestu zuen EH Bilduk, baina aurkakoa bozkatu du Azkoitia Baik, "mozio eta adierazpenen alde ez" daudela argudiatuta.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide