'Errautsak hauspotzen' proiektuaren finantzaketa, lortuta

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 26a, 11:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Metakultura egitasmoaren barruan, finantzaketa kolektiboa abiatu zuten 'Errautsak hauspotzen' proiektuaren sustatzaileek Goteo crowfounding plataforman, eta lortu dute jarritako erronka betetzea. 

Urola Erdiko trikitilariak eta pandero jotzaileak omenduko dituen Errautsak hauspotzen proiektua gorpuzten ari dira Trikigiro kultur elkartea eta Kulturaz kooperatiba 2018ko apirilaz geroztik, eta dagoeneko labetik ateratzear da. Omenaldia aurrera eraman ahal izateko, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Metakultura egitasmoaren barruan finantzaketa kolektiboa abiatu zuten Goteo crowfounding plataforman, eta lortu dute jarritako erronka betetzea.

Proiektuaren sustatzaileek 6o egun izan dituzte diru ekarpenak jasotzeko, eta orotara 20.198 euro lortu dituzte. Horietatik 7.060 euro jarri ditu Foru Aldundiak eta gainerako dirua Euskal Herriko hainbat txokotako 230 norbanakoren eta elkarteren laguntzaz lortu dute. Urrian gainditu zuten 11.360 euroko gutxieneko langa, eta horren ostean, beste hogei egun izan zituzten lortutako kopurua hobetzeko.

Guztira, 38 proiektu aurkeztu zituzten Metakultura egitasmora, eta horietatik hamabost aukeratu zituzten. Hautatutako proiektuetatik diru gehien lortu duen proiektua da Errautsak hauspotzen. Kulturaz kooperatiba arduratu da proiektuaren finantzaketa kolektiboaren kanpainaz, eta bertako kide Agustin Jimenezek azaldu duenez, helburua lortzera bidean garrantzia handia izan du trikitiaren bueltan mugitzen den jendearen ekarpenak: “Aipatzekoa izan da trikitiaren komunitatearen inplikazioa. Meritu handia dute Trikigiroko kideek eta Euskal Herriko trikitixa elkartekoek, oso ondo saretutako komunitatea baitute. Horrez gain, aipatzeko da hainbat enpresek eman diguten laguntza, hala nola Domusak eta Tiriki Trauki esku soinu dendak”.

Errautsak hauspotzen proiektuak Urola Erdiko trikitixa 1960ko eta 70ko hamarkadetan nola garatu zen jasotzen du. Dokumentala, liburua eta bideografia bilduko ditu, eta dagoeneko ikusgai dago dokumentalaren aurrerapen bideoa. Ugariak dira dokumentalerako elkarrizketatu dituzten pertsonak, eta horien artean daude, esaterako, Tomas Soraluze Epelde, Iñaki Garmendia Laja, Ramon Zubizarreta Landakanda, Imanol Arregi Iturbide, Agustina Aranbarri, Epelarre zenaren alarguna, Angeles Aramendi, Zendoia zenaren alarguna, Margari Aizpru, Otola zenaren alarguna, Manuel Arrizabalaga Izer, Antonita Beristain, Kandido Beristainen alaba, Joakin Sudupe Egurrola, Jose Mari Iriondo, Juan Mari Beltran, Juan Mari Madariaga eta Laxaro Azkune.

Proiektu honi esker dokumentu historiko ugari berreskuratu dituzte, 40 elkarrizketa inguru egin dituzte, horien artean Lajak hil aurretik emandako azkena; 160 trikitilari inguru identifikatu dituzte, eta galtzera bidean zihoazen 50 erromeriren informazioa bildu dute. Dokumentala hurrengo urtean estreinatuko dutela aurreratu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide