Indarkeria matxistaren aurkako egunean, grafitia egin dute Kontzejupean

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 25a, 17:39

Kale hezitzaileen eskutik, gazte batek grafiti bat margotu du Kontzejupean, eta adierazpen gune bat egokitu dute han, herritarrek mezuak idatz zezaten.

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira, Udalak antolatutako aurreneko ekitaldi irekia egin dute arratsaldean. Azkoitiko kale hezitzaileen eskutik, grafiti bat egin dute Kontzejupean, eta adierazpen gune bat ere egokitu dute han, herritarrek indarkeria matxistaren inguruko mezuak idatz zezaten.

Udalak ez ezik, Sostenipe talde feministak ere prestatu ditu ekintzak indarkeria matxista salatzeko. 18:00etan, Pamela Palencianoren No solo duelen los golpes monologoa proiektatuko dute Kultur Etxean, eta 20:00etan, kontzentrazioa egingo dute plazan.

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurako Egunean, Azkoitiko Udaleko EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk adierazpen instituzioanala onartu dute, eta konpromisoa hartu dute emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko. Era berean, Sostenipek gutuna argitaratu du, azaroan zehar kaleratu dituen lau emakumeren testigantzak oinarri hartuta.

Udalak emandako datuen arabera, aurten, guztira, hamabi indarkeria matxista kasu artatu dituzte hango Ongizate Sailean. Horietatik bost emakumek 18 eta 30 urte artean zituzten; lauk 31 eta 45 urte artean; eta beste hirurek, 46 eta 59 urte artean. Horrez gain, adingabeko beste hamabi herritar ere artatu dituzte aurten sail horretan. Indarkeria matxista kasu horiei erreparatuz, hamabitik bederatzitan erasotuak ez dio salaketarik jarri erasotzaileari; hau da, artatutako kasuetatik hirutan bakarrik jarri dute salaketa. Hiru salaketa horien kasuan, berriz, kasu bakarrean ezarri dituzte babes neurriak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide