Gaurko poza... Biharko malkoak?

Azkoitiko eta Azpeitiko Naturzaleak 2019ko aza. 25a, 10:42

Azkoitiko eta Azpeitiko Naturzaleak taldeko kideek honako gutun hau plazaratu dute, Black Friday-aren eta kontsumismoaren bueltan. Hona hemen, testu osoa:

Hiru, bi, bat... Heldu zaizkigu Black Friday eta, ia-ia, Gabonak! Zain geunden. Irrikitan. Orain zer erosi erabakitzea da gure kezka. Zer behar dugu? Kolore urdinean ala beltzean? Modelo hau ala bestea? Aurten langostinoak ala nekorak?
Duela hamarkada gutxi batzuk ez zen horrelakorik. Garai haietan oraindik erosketak herrian bertan egiten genituen gehienbat. Zerbait berezia nahi bagenuen "kapitalera" joaten ginen, Donostiara, edo inguruko herrietara. Baina garai haiek aspaldi eraman zituen haizeak. Udazkeneko haize horiek era berean eraman zituen herriko denda asko. Horien kopurua poliki-poliki murrizten joan da, gure herriak negu gorrian utziz. Baina, aldi berean, inguruan merkatal zentroak jaio izan dira. Eta azkenik, Interneteko iraultza heldu zaigu, tabletetik edota mugikorretik erosketak egiteko aukera dugu. Sinestezina!

Guzti horrek gure kontsumoan izugarrizko eragina izan du eta ari da izaten. Eta askoz zuzenago, gure ingurumenean. Munduan gaur egun 500 milioi tona plastiko ekoizten dira urtero. Eta orain arte ekoiztutako zati gehiena, %70 inguru, ez da birziklatu; alderantziz, zabortegietan edo ingurumenean botata bukatu du. Ikerlariek diotenez, plastiko hori –naturan degradatu gabe 400 urte arte iraun dezakeena– "mikroplastiko" itxuran ari dira aurkitzen gizakion gorputzetan. Horrek gure osasunean izan ditzakeen ondorioak ez daude garbi oraindik.

Bildukiek munduan sortzen ditugun hondakinen %40 osatzen dute. Txinaren ondoren Europa da munduko bigarren plastiko ekoizle handiena. Kontinente horrek ardura handia du arazo global horri konponbidea ematerako garaian. Eta zer esanik ez ekoizleek. Coca-Colak, adibidez, munduan urtean ekoizten diren 500.000 milioi botiletatik –plastikozko milioi bat botila saltzen dira minuturo munduan– 110.000 milioi produzitzen ditu. Telebistak eskaintzen dizkigun iragarkietan oso marka "berdea" dela ematen du, baina... Ez al du inongo ardurarik?

Egoeraz pixkat kontzientziatuta, edo marketin kanpaina zoragarria eginez, banaketa enpresa handiek diote kontsumo jasangarriago baten alde urratsak ematen ari direla (adibidez, Eroskiren hamar konpromiso jasangarriak eta osasungarriak, Lidle-en Compromisos con la sostenibilidad edota BMren energia berriztagarrien aldeko apustua). Alde batetik, administrazioak plastikozko poltsen oparitzea murriztu du; eta bestalde, kontsumitzaileok eskaera berriak eta presioa egiten ari gara poliki-poliki urratsak eman ditzaten (ongietorriak guztiak). Esaterako, azken urteotan konturatu gara askoz ere produktu ekologiko gehiago saltzen dituztela, paperezko poltsek plastikozkoen tokia hartu dutela edota horietako batzuk plastiko konpostagarriz eginak daudela... Baina ezin al dute haratago joan?

Errealitate gordinaren aurrean, erosleak jadanik hasi dira toki batzuetan bildukiak dendetan uzten, hainbeste plastiko etxean bota behar izateaz nazkatuta. Besteetan, distribuzio kateak izan dira plastikozko eta beirazko ontziak birziklatzeko makinak instalatu dituztenak, eta aldi berean, kontsumitzaileari ontzi horien dirua itzultzen diotenak. Hala ere, estatuan lan egiten duten kate hauen "plastikoaren urratsaren" analisia egin du duela gutxi Greenpeacek, eta puntuazio altuena 6,2koa da (10etik). Ongi eskasa.

Gainera, ezin ahaztu bereziki hiri handietan are eta arruntagoak bihurtzen ari diren bildukirik gabeko produktuak saltzen dituzten dendak. Alemanian sorturiko ideia hori beste herrialde askotara zabaldu da oso denbora gutxian, hiritarren kontzientziazio maila zein den argi utziz. Inplikaturiko guztiak, dendariak eta erosleak, ez dira sorturiko hondakinek zer egingo duten pentsatzen ari, baizik eta hondakin kopuru txikiena nola sortu. Horrek gogorarazten digu geure etxeetan entzuten dugun esaldi zahar bat: "Ez da txukunena gehien garbitzen duena, baizik eta gutxien zikintzen duena".

Eta zer esanik ez Black Friday honek ematen dizkigun sorpresak. Erotu egin gaitu. Produktu asko eta asko ikaragarrizko deskontuekin (jakinda askotan horietako askori aste batzuk lehenago prezioa igo dietela) eta denetarik! Kontsumistaren paradisua! Eta ingurumenaren infernua, aldi berean. Egun hauetan eskatzen ari garen produktu guzti horiek gure etxeetaraino bide luzea ari dira egite, horrek gas toxikoen isurketan duen eraginarekin. Eta gero etxera heldu, ireki (unboxing zoragarria), eta kartoia, burbuiladun plastikoa, poliespana... Dena gure etxe ondoko kontainerretara botatzera. Hori beteta ez daudenean! Kasu horietan, kanpoan pilatuta utziko ditugu, zertarako eraman bueltan etxera? Jasoko dituzte!

Benetan jasangarriak izan nahi badugu, gure kontsumoaren ereduari buruz hausnartu behar dugu. Egun zurrunbilo kontsumistan murgildurik bizi garenez, ez gara konturatzen –ala agian bai, baina bost axola zaigu– eredu kontsumista hau ez dela inolaz ere jasangarria. Nola izan daiteke ba helburua etengabeko kontsumoa? Horretara mugatu behar al du gure ekintzak gizaki moduan? Kontsumitzera? Horretan topatu al dugu gure poztasuna? Gure gizatasuna? Askoz gehiago ginela uste genuen. Benetako zoriontasuna ez al dago gure inguruan dauden horiei denbora eskaintzean, naturaz eta kulturaz gozatzean, eta ez hainbeste gauzak (kasu askotan jadanik baditugunak) erostean? Gauzak, produktuak, ditugulako bizi-kalitate hobeagoa dugula pentsatu behar al dugu?

Azken finean, hobekuntza edo aldaketa baten bila bagabiltza, erantzuna ezin daiteke izan produktu bat erosterakoan plastiko edo bilgarri gutxiago edo birziklagarria al duen begiratzea, urrunetik garraiatu behar izan den edo hurbileko ekoizleena den arreta jartzea. Gehiago izan beharko luke. Sakonagoa. Ikusi dugunez, herrialdeek ardura handia dute, administrazio guztiek (udala noski, lehen postuan egon behar da, arazoetatik eta herritarren kezkengandik gertuen dagoelako. Orduan, nola ulertu Azkoitiko Udala Udalsarea21etik kanpo egotea?), ekoizleek, eta azkenik, guk, erosleok. Arazo honetan inplikaturik dagoen kate-maila bakoitzari bere erantzukizuna exijitu behar zaio. Zaila izango da bat-batean egoera kezkagarri honi bira ematea, baina aldaketa gutako bakoitzak hartu ditzakeen neurri txikiekin has daiteke. Zu prest al zaude? Benetan? Izan daitezela ba egun zoriontsuak zuretzat! Eta ama lurrarentzat.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide