Ekitaldiz beteta igaro dute herritarrek igande goiza

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 24a, 13:02

Azkoitiko baserritarrek eta gobernuz kanpoko erakundeek azoka bana jarri dute, eta herritar ugari bildu da plazan horien produktuak ikustera. Ohi bezala, ehoziriak egiten ere aritu dira dozenaka lagun Kontzejupean, eta ikusmina eragin dute haien lanek.

Atzoko egun betearen ostean, igande goiza ere oparoa izan da Azkoitian. Izan ere, askotariko ekintzen gozatu ahal izan dute kalera atera diren herritarrek eguerdira bitartean. Besteak beste, Azkoitiko baserritarren produktuekin azoka egin dute herriko plazan, eta jende ugari inguratu da postuen ingurura. Horrez gain, dozenaka lagun ehoziriak egiten aritu dira Kontzejupean, eta horien jardunak ere ikusmina sortu du herritarren artean.

Baserritarrena, gainera, ez da azoka bakarra izan. Izan ere, aurten Garapenean Bidelagun egitasmoarekin egokitu da sanandresen atariko asteburua, eta herrian lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeek ere beraien postuak jarri dituzte. Hain zuzen ere, ACOES, Behar Bidasoa, Darahli elkartea, Eskubidez SMH, Gazteak eta Garapena, Mulatik Herriak, Azkoitiko Misio Taldea, Mundu Solidarioa Helburu, Nava Jeevan eta TDHF Laguntza Zuzena taldeek jarri dituzte postuak, eta produktuak saltzen eta egiten dutenaren berri ematen aritu dira.

Festa giroa nagusi

San Andres festen aurreko asteburu betea ari dira ospatzen Azkoitian; atzo, larunbata, herritarrek ez zuten aspertzeko astirik izan, hamaika ekitaldik hartu baitzuten eguna. Besteak beste, Azkoitiko XV. Herri Lasterketa jokatu zuten herriko kaleetan, Iker Ortiz de Zarate eta Nerea Etxeberria izan ziren nagusi; horrez gain, Azkoitiko Udal Musika Bandak, Iraurgi abesbatzak eta Sahatsa dantzan taldeak Pirinioen magalean ikuskizuna eskaini zuten Baztartxo antzokian; gauean, berriz, danbor hotsak izan ziren protagonista, ehunka lagunek danborrada egin baitzuten herriko txokoetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide