Gogoz astindu dituzte danborrak azkoitiarrek

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 24a, 08:35

Eguraldi makurra izanagatik, ibilbide osoa egin zuen atzo, zapatua, helduen danborradak. Ehunka herritarrek gogoz astindu zituzten danborrak.

Beste urte batez, giro bikaina sortu zen helduen danborradan atzo, zapatua. Eguraldi txarra zegoen iragarrita, eta iluntze osoan zehar zaparrada mardulak bota zituen arren, danborradak ohiko ibilbidea egin zuen. 22:00etan hasita, ehunka herritarrek gelditu gabe astindu zituzten danborrak. Gurea pilotalekuan elkartu ziren talde guztiak, eta ondoren, plazan jo zituzten lehen kantuak; gero, Balda plazara joan ziren, eta han beste abesti batzuk jo zituzten; handik Julio Urkixorako bidea hartu zuten, eta bertan, edariak hartzeko tartea ere izan zuten; azkenik, gauerdia baino minutu batzuk lehenago, plazan batu ziren berriro danborradako talde guztiak, eta abesti guztiak jo zituzten bertan.

Iaz bezala, hamar talde atera ziren danborradan: Aldapa gazte taldea, Ixkitturri elkarte gastronomikoa, Udalaren taldea, pilotarien taldea, euskal presoen eskubideen aldeko taldea, Txintxarri gazte taldea, eta Floreaga eta Xabier Munibe ikastetxeetako bina talde.

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide