Iker Ortiz de Zaratek eta Nerea Etxeberriak irabazi dute Azkoitiko XV. Herri Lasterketa

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 23a, 17:28

Guztira, 294 korrikalarik parte hartu dute hamar kilometroko proban, eta horiek bi itzuli txiki eta handi bat eman behar izan diote herriari. Eguraldi petrala eginagatik, giro ederra nagusitu da kaleetan.

Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton kirol elkarteak antolatuta, Azkoitiko XV. Herri Lasterketa jokatu dute gaur, larunbata, arratsaldean, herriko kaleetan zehar. Guztira, 294 korrikalarik parte hartu dute lasterketan, eta horiek hamar kilometroko ibilbidea egin behar izan dute herriko plazatik hasita. Gizonezkoetan, Iker Ortiz de Zarate izan da helmugara azkarrena iristen (0:31:56), eta gasteiztarrak bi azkoitiarrekin osatu du podiuma; Markos Zaldibiarekin eta Mikel Garaterekin, hain zuzen ere. Bi horiek batera helmugaratu dira (0:32:49). Emakumezkoetan, berriz, Nerea Etxeberria azpeitiarra nagusitu da (0:39:28), eta haren atzetik, Eguzkiñe Zabaleta leitzarrak (0:40:17) eta Ainara Uribarri oñatiarrak (0:40:21) lortu dituzte bigarren eta hirugarren postuak, hurrenez hurren. Aurreneko emakumezko azkoitiarra Ainhoa Agirrebeña izan da (0:42:55).

Probaren hasieran eguraldiak ateri eutsi badio ere, laster hasi du zaparrada, eta lasterkariek euripean egin behar izan dute ibilbidearen zati handi bat. Eguraldiak, ordea, ez ditu kikildu herritarrak, eta dozenaka lagun atera dira kalera korrikalariak animatzera. Ohi bezala, proban parte hartu dutenek bi bira txiki eta beste handi bat egin behar izan dute herrian barrena.

Sailkapen osoa herrikrosa.eus webgunean ikus daiteke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide