Emozioz aurkeztu dute Azkoitiko Udal Musika Bandaren historia biltzen duen liburua

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 22a, 21:15

Santa Zezilia egunean, Javier Zubizarreta alkateak, Irene Elorza kazetariak eta Juan Mari Arruabarrenak 'Gu, banda' liburua aurkeztu dute udaletxean. Txiki geratu da areto nagusia, eta askok hunkituta jarraitu dute eskertzez eta goraipamenez jantzitako ekitaldia. Aurretik, bandaren musika doinuak izan dira kalean eta Kontzejupean.

Modu berezi eta ezin hobean ospatu du Azkoitiko Musika Bandak Santa Zezilia eguna. Espero bezala, musika doinuek ez dute hutsik egin musikarien egunean, eta kalejirarekin ekin diote urteroko zitari. Aurten, ordea, ez-ohiko opari bat ere jaso eta banatu dute taldekideek; Udal Musika Bandaren 150. urteurrenean, taldearen historia biltzen duen liburua aurkeztu eta kaleratu dute egun seinalatuan. Kaleetan eta Kontzejupean hainbat pieza eskaini ondoren, udaletxean aurkeztu dute lana, hango areto nagusia jendez leporaino zela.

Irene Elorza kazetariak idatzi du Gu, banda liburua, eta hark ez ezik, Javier Zubizarreta alkateak eta Juan Mari Arruabarrena bandako kideak aurkeztu dute lana. "Poza eta eskertza"; hitz horiekin laburbildu du alkateak gaurko ekitaldia. "Pozik nago, bandaren 150. urtemugaren lekuko naizelako; pozik, dugun musika bandaz; eta pozik nago musika bandak, musikak eta Santa Zezilia egunak horrenbeste lagun bildu gaituztelako". Haren hitzetan, Azkoitiko bandaren liburua idazteko Elorza baino "idazle hoberik" ez dago, Juan Elorza Txanbolin musikari eta bandako zuzendari ohiaren alaba delako. "Etxetik ezagutu du banda Elorzak, eta ondorioz, ziur nago, testigantzez eta argazkiez gain, sentimenduz ere jantzi duzula liburua", esan dio.

Kazetaria urtebetez aritu da bandaren historia jasotzen duen liburu mardula ontzen, eta hura osatzerakoan, Anjel Mari Arenas bandako kide ohia "akuilu" izan duela azpimarratu du. Arenasek proposatu zion Elorzari bandari buruzko liburua idaztea, bandaren izenean, eta idazlea esker oneko agertu da banda osoarekiko, jasotako konfidantzagatik. Era berean, bandako musikarien "eskuzabaltasuna" goraipatu du kazetariak, "musutruk" egiten duten lanarengatik eta bandaren historia trasmititzeko izan duten prestutasunarengatik. Denboran atzera egin, eta idazleak honako anekdota honekin amaitu du bere hitzartzea: "Ondo gogoratzen naiz duela 41 urte aitak omenaldia jaso zuenean. 6 urte nituen orduan, eta harro nengoen berataz. Gaur, liburu hau idatzi ostean, banda osoaz nago harro".

Arruabarrenak, bere aldetik, prozesuan zehar Elorzak zein Arenasek egin duten lana nabarmendu du: "Daukagun artxiborik handiena da Arenas, gauzak gordetzen jakin duelako. Argazki eta datu guztiak jaso ditu hark, eta erakusketa osatzeko ere izugarri lagundu digu; guztiaz gogoratzen da". Hark ere denboran atzera egin du bere hitzartzean, eta Txanbolinek musika bandan egindako lana goraipatu nahi izan du: "Gustura jakin nahi nuke Gipuzkoan, Euskal Herrian nahiz Espainian zenbat lagun dauden musika banda zuzentzen 50 urtez aritu direnak". Horrez gain, 70eko hamarkadan bandara batu ziren aurreneko hiru emakumeei ere eskerrak eman dizkie Arruabarrenak, orduan izan zuten ausardiagatik. "Garai hartan, gaizki ikusita zegoen emakumeak bandan jotzea, baina haiek ere ongietorriak izan ziren bandan. Haiei eskerrak, egun parekidetasuna dugu taldean". Ordura arteko bandako musikarien emazteek egindako lana ere gogorarazi nahi izan du hango kideak. "Bailableak-eta egoten zirenean, emazteak beti bigarren ilaran egoten ziren, musikariei begira, beste guztiak dantzan ari ziren bitartean. Eskerrik asko, bandako alargun eta emazte guztiei".

Bandaren egoera ere izan du hizpide hango kideak, eta adierazi du egun zailagoa dela taldera bat egitea. "Gazteek jarduera ugari dituzte, eta ez da lehen zen bezain sinplea. Musika eskolatik bandara nor etorriko itxaroten egoten gara beti".

Liburuaren aurkezpenean, bandaren ibilbideko argazki eta bideoekin osatutako ikus-entzunezkoa eskaini dute aretoan, eta han elkartutako herritarrek zein musikariek emozioz ikusi dituzte atzoko eta gaurko kideen irudiak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide