Floreagako lehen eta bigarren faseen idazketa lana esleitu du Udalak

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 22a, 14:13

Auzoko irisgarritasuna hobetzeko lehen eta bigarren faseen erredakzio lana Asmatu enpresari esleitu dio Udalak, eta hark hiru hilabete izango ditu proiektua erredaktatzeko. Horretarako, LKSk egindako azterketa oinarritzat hartu beharko du Asmatuk.

Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko proiektuaren lehen eta bigarren faseen idazketa lana esleitu du Udalak, lehiaketara atera eta hiru hilabetera. Udalak adierazi duenez, hiru enpresa aurkeztu dira lehiaketara, eta erakundeak Asmatu enpresari esleitu dio lana. Proiektua erredaktatzeaz gain, obren exekuazioaren zuzendaritza lanak eta obrako segurtasunaren eta osasunaren koordinazioa ere jasotzen ditu kontratuak, eta enpresak 93.508 euroko aurrekontua du hori guztia gauzatzeko. Udalak adierazi duenez, Asmatuk hiru hilabeteko epea izango du behin betiko exekuzio proiektua garatzeko.

Auzoko irisgarritasun arazoak konpontzeko, LKS ingeniaritza enpresak azkerketa bat egin zuen iaz, eta bost fasetan egiteko hainbat esku hartze proposatu zuen. Hain zuzen ere, azterketa hura oinarri hartuta gauzatu beharko du lana Asmatu enpresak. 

Proiektu osoa faseka egiteko asmoa du Udalak; hau da, auzoaren behealdetik hasi eta goraka joango da. Lehenengo fasean, Floreaga Zahar jauregiaren aurrean igogailu bat eraikitzea aurreikusten dute, Floreaga auzoaren eta Zuazola kalearen arteko irisgarritasun arazoa konpondu nahian. Bigarren fasean ere beste igogailu bat jartzeko asmoa dute, Zuazola kalearen eta Floreagaberriren artean.

Bestalde, Udalak adierazi du, datorren urteko aurrekontuei begira "aztertzen" ari dela auzo horrekiko hartuko duen konpromisoa eta jarriko duen partida. Dena den, azpimarratu du "konpromiso irmoa" duela agintaldi honetan proiektuarekin "etenik gabe" jarraitzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide