Ekitaldiz beteta dator asteburua

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 22a, 09:30
Iazko baserritarren produktuen azokako irudi bat.

Askotariko ekitaldiak izango dira asteburu honetan Azkoitian. Bihar XV. Herri Lasterketa eta danborrada izango dira, besteak beste. Igandean, berriz, baserrietako produktuen azoka eta Garapenean Bidelagun azoka jarriko dituzte plazan.

San Andres jaiak hasteko astebete falta bada ere, dagoeneko festa usaina da nagusi Azkoitian. Izan ere, askotariko ekitaldiez gozatzeko aukera izango dute herritarrek bihartik hasita igandera bitartean.

Alde batetik, festa eta lehia uztartuko dira Zubiaurre Igeri Elkarteak urtero antolatzen duen San Andres Igeri Sarian, igerilekuan. 15:00etan hasiko da ekitaldia, gaztetxoentzat prestatutako ur-jolasekin; horren ostean, berriz, igeriketa probak hasiko dira, 16:00etatik aurrera. Urtero bezala, Azpeitiko Izarraitz Igeriketa Elkarteko kideak ere sariketan izango dira. Bestetik, arratsaldean ere kirola izango da nagusi herrian, XV. Herri Lasterketa izango baita Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton Kirol Elkarteak antolatuta. Proba 16:30ean hasiko da, eta irteera eta helmuga plazan izango ditu lasterketak. Antolatzaileen arabera, proban 160 lagun inguru daude izena emanda momentuz, baina bihar ere izango da lasterketan izena emateko aukera. 

18:00etan hasita dantzazaleentzako hitzordua izango da, Azkoitiko Udal Musika Bandak, Iraurgi abesbatzak eta Sahatsa dantza taldeak Pirinioen magalean ikuskizuna eskainiko baitute, Baztartxo antzokian. Pirinioen bi aldeetan mugituko dira emanaldia eskaintzeko, eta Euskal Herriko hainbat txokotako dantzak eta musika taularatuko dituzte bertan. Egunari amaiera biribila emateko, berriz, helduen danborrada izango da 22:00etan hasita. Iluntzean, ehunka herritar aterako dira kalera danborrak astintzera; guztira, hamar taldek parte hartuko dute aurten, eta ohiko ibilbidea egingo dute. Aurten, gainera, danborrada zuzenean ikusteko aukera izango da Maxixatzen.eus webgunean.

Igande goiz oparoa

Zapatukoak ez dira izango asteburuko ekitaldi bakarrak. Igande goizean goizetik hasita askotariko ekintzak egingo baitituzte herrian. Batetik, Azkoitiko baserrietako produktuen azoka jarriko dute plazan, eta herriko produktuak erosteko aukera izango dute herritarrek bertan, 09:00etan hasita. Baserritarrena ez da izango igandeko azoka bakarra, Garapenean Bidelagun taldeak antolatuta azoka solidarioa izango baita. ACOES, Behar Bidasoa, Darahli elkartea, Eskubidez SMH, Gazteak eta Garapena, Mulatik Herriak, Azkoitiko Misio Taldea, Mundu Solidarioa Helburu, Nava Jeevan eta TDHF Laguntza Zuzena taldeek postu bana jarriko dute plazan, 11:00etatik 13:30era bitartean. Produktuak saltzeaz gain, beren egitekoa azalduko diete taldeek postura hurbiltzen direnei. Bi azoka horiez gain, ehoziri lanen erakustaldia izango da Kontzejupean.

Igande eguerdian ere herritarrek izango dute zertaz gozatua, dantzarien kalejira egingo baitute herriko kaleetan zehar Bizkargi Musika Eskolako dantzariek nahiz Xabier Munibe eta Floreaga ikastetxeetako Kandiola dantza taldeak eta Txalkor txistulari taldeak. Antolatzaileek adierazi dutenez, eguraldi txarra egiten badu ekitaldia Elkargunean egingo da. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide