Danborrak eta atabalak prest, Azkoitian

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 21a, 12:30
Iazko helduen danborradako irudi bat.

Bi egun besterik ez dira falta aurtengo helduen danborradarako. Etzi, zapatua, ehunka herritar aterako dira kalera danborrak astintzera; guztira, hamar taldek parte hartuko dute aurten, eta ohiko ibilbidea egingo dute. Maxixatzen.eus webgunean danborrada zuzenean ikusteko aukera izango da.

Jai giroan murgiltzeko prest dira Azkoitian. Izan ere, ohi bezala, San Andres egunaren bueltan, askotariko ekintzak prestatu dituzte. Helduen danborrada izaten da sasoi honetako hitzordu nagusienetako bat, eta azkoitiarrak prest daude dagoeneko danborrak eta barrikak atabalekin astintzeko. Aurten, gainera, danborrada zuzenean ikusteko aukera izango da Maxixatzen.eus webgunean.

Etzi, zapatua, 22:00etan hasita egingo dute danborrada. Aurtengoan, ez da berrikuntza nabarmenik izango: iaz bezala, hamar taldek parte hartuko baitute aurtengo danbor festan. Honako talde hauek dira parte hartuko dutenak: iaz estreinatu zen Aldapa gazte taldea, Ixkitturri elkarte gastronomikoa, Udalaren taldea, pilotarien taldea, euskal presoen eskubideen aldeko taldea, Txintxarri gazte taldea, eta Floreaga eta Xabier Munibe ikastetxeetako bina talde.

Ibilbidea ere ohikoa izango da. Azkoitiko Udalak, badaezpada, bi ibilbide prestatu ditu: normalean, ibilbide luzea egiten dute danbor-jotzaileek, baina "oso-oso eguraldi txarra" baldin bada, motza. Zapaturako euria dago iragarrita, baina antolatzaileek azaldu dutenez, ibilbide luzea egiteko asmoa dute. "Txingorra, euri asko eta hotz handia egiten duenean bakarrik egiten dugu ibilbide motza", adierazi dute.

Beraz, dena ondo joaten baldin bada, honako ibilbide hau egingo dute zapatuko danborradako partaideek: 22:00etan, Gurea pilotalekuan elkartuko dira, eta plazara joango dira —han hiru abesti joko dituzte—; gero, Balda plazan elkartuko dira, eta han beste abesti batzuk joko dituzte; handik Julio Urkixorako bidea hartuko dute —bertan edariak hartzeko tartea izango dute, eta San Sebastian Martxa joko dute—; eta amaitzeko, plazara joango dira berriro danborradako talde guztiak. 00:00etan plazan elkartuko dira denak, eta abesti guztiak joko dituzte bertan.

Ekitaldia bukatzean, ibilbidea hasitako leku berean elkartuko dira atzera berriro partaide guztiak: Gurea pilotalekuan. Bertan, ohitura bilakatu den moduan, edariak eta txokolate beroa izango dituzte  parte hartzaileek dastatzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide