160 lagun inguruk eman dute izena zapatuko Herri Lasterketan parte hartzeko

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 21a, 10:05
Iazko lasterketaren burua, Ibaiondo kalean.

Azkoitiko XV. Herri Lasterketa egingo dute zapatuan, Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton Kirol Elkarteak antolatuta. 160 lagun inguru daude izena emanda momentuz hamar kilometroko proban parte hartzeko; izena emateko epea zabalik dute lasterketaren egunera arte.

Lasterketa 16:30ean hasiko da datorren zapatuan, eta irteera eta helmuga Azkoitiko plazan izango ditu probak. 350 korrikalarik eman dezakete izena; zapatura bitartean online bidez eman beharko da izena hamar euroren truke, eta egunean bertan izen emate mahaian eman beharko da izena, hamabost euro ordainduta. 

Izena emandakoen artean dira iazko bi irabazleak. Aurten ere helmugara iristen diren lehen hiru gizonezkoek eta emakumezkoek jasoko dituzte sariak; zozketak ere egingo dituzte parte hartzaile guztien artean. Halaber, parte hartzaileek herri lasterketako poltsa jasoko dute, eta antolatzaileen arabera "poltsa ona" izango da.

Izen ematea

Probarako izen emate epea zabalik da, eta bi modutara egin daiteke: Zubiaurre Elkargunean edo herrikrosa.eus webgunean. Bihar arte, azaroaren 22ra arteko epea izango dute aurrez izena eman nahi duten korrikalariek, eta horiek hamar euro ordaindu beharko dute. Lasterketaren egunean bertan ere izango da inskribatzeko aukera, baina egun horretan, hamabost eurotan izango da izen ematea. Proba hasi baino ordu erdi lehenago itxiko dute horretarako epea, eta beraz, korrikalariek 14:30etik 16:00etara bitartean eman ahal izango dute izena azaroaren 23an.

Dortsalak jasotzeko ere 14:30ean irekiko dute mahaia. Proban  parte hartzeko 16 urte izan behar dira gutxienez, 2019ko azaroaren 24an baino lehen beteak. Antolatzaileek eskatu dute aurrez izena emandakoek probaren bezperan parte-hartzaileen zerrendan beren izena jasota al dagoen ziurtatzeko. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide