Ostiraleko partidarako pilota aukeraketa egin dute pilotariek, Gurean

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 20a, 15:33

Ostiralean Gurea pilotalekuan hasiko da eskuz binakako pilota txapelketa, eta gaur, asteazkena, pilota aukeraketa egin dute eguerdian. 

Ostiraleko lau protagonista nagusiak Azkoitian izan dira eguerdian, Gurea pilotalekuan jokatuko duten pilota partidarako materiala aukeratzen. Joseba Ezkurdia lau eta erdiko txapelduna, Julen Martija, Jokin Altuna eta Ladis Galarza Gurea pilotalekuko kantxan aritu dira pilotak probatzen.

Ezkurdiak eta Martijak Altuna III.ak eta Galarzak baino material astunagoa hautatu dute. 105.9, 104,9 eta 105.8 gramoko pilotak aukeratu dituzte. Altuna III.ak eta Galarzak, aldiz, 104.8, 104.6 eta 105.7 gramokoak hautatu dituzte. Pilotalekura hainbat pilotazale gerturatu da pilotariak gertutik ezagutzeko eta material hautaketa zuzenean jarraitzeko.

Ostiraleko partida nagusiaren aurretik, ordea, promozio mailako txapelketako lehen partida jokatuko dute Egiguren V.ak eta Erostarbek, Salaberria eta Garmendia bikotearen aurka. Azken hori Azkoitian izan da entrenamendu saioa egiten. 

Sarrerak

Ostiraleko jaialdirako sarrerak ari dira pixkanaka saltzen. Internet bidez eskura daitezke, baina Gurea pilotalekuko leihatilan ere jarriko dituzte sarrerak saltzen ostiralean, 21:00etatik aurrera. 30 euro balio dute kantxako sarrerek, eta 20 euro goiko solairukoek eta errebotekoek. Azkoitiko jaialdia ETB1ek emango du zuzenean.

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide