"Hegoaldeko eta iparraldeko dantzak eta musika taularatuko ditugu 'Pirinioen magalean' ikuskizunean"

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 19a, 13:31

Datorren zapatuan, hilak 23, 'Pirinioen magalean' ikuskizuna eskainiko dute Azkoitiko Udal Musika Bandak, Iraurgi abesbatzak eta Sahatsa dantza taldeak. Gaur aurkeztu dute emanaldia. Zapatuan 18:00etan hasiko da emanaldia Baztartxon, eta sarrera doakoa izango da.

Sahatsa dantza taldeak, Azkoitiko musika bandak eta Iraurgi abesbatzak elkarrekin, 'Pirinioen magalean' ikuskizuna eskainiko dute datorren zapatuan, Baztartxon. 18:00etan hasita, ordubete inguruko emanaldia emango dute. Emanaldi "anitza" eta "oso polita" Juan Luis Lizabe Sahatsa dantza taldeko kidearen ustez. 100 lagun baino gehiago igoko dira Baztartxo antzokiko eszenatokira.

Gaur, asteartea, aurkeztu dute emanaldia udaletxean. Juan Luis Lizabe Sahatsa dantza taldeko kidea, Pello Larrañaga musikaria, Iraurgi Abesbatzako Itziar Izagirre eta Juan Luis Uzin eta Musika bandako Gorka Etxaniz elkartu dira Sonia Vazquez kultura zinegotziarekin batera. Itziar Izagirre Iraurgi abesbatzako kideak azaldu du "desiatzen" daudela zapaturako; "gu benetan oso gustura gaude". Gaineratu du frantsezes abesteko lanean ari direla. Gorka Etxaniz musika bandako kideak, bestalde, adierazi du "lan polita" dela. Herritarrei emanaldia ikustera joateko dei egin die. "Dezenteko lana hartzen da, eta materiala biltzeko ahalegin handia egin da", esan du. 

Sanandres jaien inguruan hasi ziren emanaldi bat ematen hiru taldeak 80. hamarkadan. Pello Larrañaga musikariak azaldu duenez, lehen urtero egiten zuten ikuskizuna, baina azken urteetan bi urtetik behin antolatzen dute ikuskizuna. Aurten, Pirinioen bi aldeetako dantzak eta musika erakutsiko dituzte. "Azken aldian gai zehatz baten inguruan aritzen gara; landutako emanaldiak eskaintzen ditugu", azaldu du Larrañagak. Gaineratu du ez dela "betiko dantza tradizionala" eskainiko duen emanaldia izango; "Historiaz jantzitako emanaldia izango da", nabarmendu du musikariak.

Magalari itzulia

Pirinioen bi aldeetan mugituko dira emanaldia eskaintzeko, eta Euskal Herriko mapa atzean zuela Juan Luis Lizabe Sahatsako kideak eman ditu ikuskizunaren azalpenak. Leireko kriptatik abiatuta, Erronkari eta Zaraitzu ibarrak zeharkatuko dituzte emanaldian. Ingurunea azaltzeko, jota batekin hasiko dute saioa zapatuan. Zehazki Erronkari, Uztarrotz, Izaba eta Zangoza herrietako jota zatiak azalduko dituzte. Musika bandak eta Sahatsak emango diote hasiera. Iraurgi Abesbatzak, berriz, Julian Gayarre tenorearen 'Nafar euskalduna' abestia eskainiko du. Segidan, Sahatsa dantza taldeak Otsagabiako dantzak eskainiko ditu.

Ekialdetik mendebaldera eginez, Bidasoan egingo dute geldialdia, Etxalarren zehazki. Etxalarko Karmenen kondairari buruzko obra ezaguna eskaniko dute Musika bandak eta Iraurgi Abesbatzak. Lesakako ezpata dantzak, Berako bordon dantzak eta Arantzako zortzikoarekin osatutako bilduma ere taularatuko dute hiru taldeek elkarrekin.

Kantauri Itsasora iritsiko dira jarraian, eta Irun aldean geldituko dira. Luis Mariano abeslariaren ‘Ezin ahaztu’ abestia eskainiko du Iraurgi Abesbatzak. Irundik irten, eta Bidasoa zeharkatuko dute berriro, Ziburura iristeko. Maurice Ravel bertan jaio zen, eta bere ‘Bolero’ abestia joko du Musika Bandak. Sahatsa Dantza taldeak, berriz, Lapurdiko kontradantzak dantzatuko ditu.

Pirinioen iparraldean jarraituko du ikuskizunak gero, baina Zuberoara egingo dute jauzia. Bernard Goienetxe 'Matalas' bezala ezaguna zenaren historia kontatuko dute, historia antzeztuz, abestuz eta dantzatuz. Pausoko trebezian oinarritutako borroka egingo dute eszenatokian Kondearen eta Matalasen artean. Kondearen papera izango du Aitor Sorazuk eta Matalasena Alain Sorazu semeak. “Pauso oso trebeak egiten dituzte”, azaldu du Lizabek. Jaialdiari amaiera emateko, Etxahun Irurin ezaguna den ‘Agur Xiberua’ abestia eskainiko dute Sahatsak, Iraurgik eta musika bandak.

Jantzia berriak emanaldian

Jantzi berri asko erakutsiko dituzte zapatuko emanaldian. "Janzkera aberatsak eta ikusteko oso ederrak dira", nabarmendu du Lizabek. "Matalasen pasartean, esaterako, jantzi berri asko aurkeztuko ditugu. Iruriko kondearen jantzia Errenteriako Jantziaren Zentroko arduradunak diseinatu du", azaldu du Sahatsako kideak. Matalas ordezkatuko duen Banderari pertsonaiaren jantzia ere berria da; Zuberoako maskaradetako Banderariaren jantzian oinarritu dute. Zuberoako herria ere azalduko da ikuskizunean, eta guztiek arropa berriak jantziko dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide