Maria Angeles Amenabar: "Bizkorrak izan ginen Zubiolaren enpresa proiektua aldatzen"

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 19a, 09:59
MÂȘ Angeles Amenabar.

Joxe Mari Korta sarietako bat jasoko du Maria Angeles Amenabar azpeitiarrak gaur asteartea, 18:00etan, Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzan egingo duten sari banaketa ekitaldian. Hemezortzi urtez Azkoitiko Zubiola Kooperatibaren kudeaketaren ardura izan zuen Amenabarrek.

Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioak proposatuta jasoko du Korta sarietako bat gaur Maria Angeles Amenabarrek (Azpeitia, 1946). Pertsonen bizitza eta enpresa ibilbidea saritzea dute xede sari horiek. Amenabarrek bere ibilbide profesional nabarmenena Zubiola Kooperatiban egin zuen; jubilazioa hartu aurreko azken hemezortzi urteetan kudeatzailea izan zen. Gaur, azaroak 19, Emakume Ekintzaileen Nazioarteko Egunean, jasoko du saria.

  • Joxe Mari Korta saria jasoko duzu gaur. Nola hartu duzu izendapena? 

Harriduraz. Ohore bat da Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioak ni proposatu izana saritzeko. 

  • Zubiola Kooperatiban hasi aurretik zer ibilbide profesional izan zenuen? 

16 urterekin hasi nintzen lanean Azpeitiko udaletxeko bulegoan, azterketa bat gainditu ondoren. Denbora gutxira, ordea, lege berri bat jarri zuten indarrean, eta haren arabera, 18 urte baino gutxiagokoek udalean ezin zuten lanean jardun. Ondorioz, bi neska kaleratu egin gintuzten. Segidan, 17 urterekin, Euskalduna Kooperatiban hasi nintzen kontabilitatean eta administrazioan. 21 urterekin ezkondu eta lanari utzi egin nion, garai hartako kooperatibetan ezkondutako emakumeek ez zutelako lanean jarraitzeko aukerarik. 

Hurrengo urtean gure alaba jaio zen, eta 23 urterekin, semea izateko nengoela, istripu larria izan genuen: gizona eta semea galdu nituen, eta neu txikituta gelditu nintzen. 24 hilabete behar izan nituen osasunez neure onera etortzeko. Orduan, nire jaiotetxera itzuli nintzen bizitzera, Etxebeltzera. Familia guztiari esker, alabak eta biok aurrera egin genuen.

  • 25 urterekin berriro hasi zinen lanean, Zubiola Kooperatiban. 

Bai. Garai hartan Zubiolak bi dibisio zituen: makinarena eta erremintarena; biak egurraren esparrukoak. Une gogorrak ziren haiek niretzat eta, lana egiteaz gain, nire konpetentzia profesionalak eguneratzeari ekin nion. Bost urtez, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko CESEAk eskaintzen zituen urrutiko Enpresagintza Teknikak eta Ekonomia eta Finantza Zuzendaritza ikasketak egin nituen. Arlo profesionaletik aparte, Azpeitiko Udaleko zinegotzi aukeratu ninduten, eta lehenengo udal demokratikoan lau urtez aritu nintzen, alabaren heziketaz ahaztu gabe. Hori guztia oso ondo etorri zitzaidan nire bizitza pixkanaka berriro ere orekan jartzen hasteko.

  • Zubiolan kudeatzaile izan zinen 1989tik 2007ra. Nolakoak izan ziren urte haiek? 

Zubiola enpresa txikia zen, eta makinak egiten zituen dibisioa galduta zuen ordurako; berriro ere kolokan zegoen enpresa, inoiz baino egoera larriagoan. Errektore Kontseiluak gerentzia hartzeko eskatu zidan. Eta onartu egin nuen. Erronka bikaina eskaini zidaten.

Beste hainbat enpresaren gisara, lehiakortasun gutxiko produktu heldu batekin gelditu ginen. Garai txarrak ziren eta, horri guztiari, globalizazioa erantsi behar, gainera. Ingurua okertzen hasi zitzaigun: hasieran produkzio handiko Europako multinazionalak sartu ziren lehian, eta Asiakoak ondoren.
Urte gogorrak izan ziren. Baina bazkideek konfiantza eman eta arduratsu jokatu nuen. Esan behar da, egun normaltzat hartu daitekeen arren, orduan  emakumeak kudeaketako zuzendaritzan ikustea ez zela hain ohikoa.

  • Zu kudeatzaile hasi orduko, Zubiolan antolaketan eta enpresa proiektuan aldaketa handiak egin zenituzten. Nola bizi izan zenituen aldaketa haiek? 

Lehenik eta behin, Estrategia Plana garatu genuen. Hori gauzatzeko, diseinu eta ekoizpen sistemak berrantolatu genituen Ikerlanen laguntzaz. Horrez gain, zerbitzuari lotuta, komertzialen sarea berregituratu genuen. Bizkorrak eta arinak izan ginen. Eszenarioa aldatu bazen ere, guk beste bat sortu genuen: lanabes pertsonalizatuei ekin genion, baina lanabes seriatuen kalitatea eta epea mantenduz. Aurretik kostearen irizpidea erabiliz lehiatzen genuen, eta zerbitzuen kalitatearekin lehiatzera aldatu ginen. 

  • Aldaketa horrek emaitzarik eman al zuen?

Bai, oso onak! Poliki-poliki, 27 lanpostutatik 74 izatera igaro ginen, komertzial sarea kontuan edukita. Etekin ekonomikoak oso positiboak izan ziren, bezeroen asebetetzea eta atxikimendua handitu genituen, eta Zubiola osatzen genuen lankideok proiektuaren partaide sentitu ginen: konpromisoa erabatekoa zen. Gurea zen.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitza-ren webgunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide