Anjel Larrañaga: "Lehen uste zuten dena 'golferia' zela, bertsolaria izatea eta soinu jolea izatea"

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 18a, 12:45
Kupela taldea kontzertua ematen. (Ibon Errazu)

Kupela taldeko Anjel Larrañaga azkoitiarra elkarrizketatu dute 'Berria' egunkarian. Beste hainbat konturen artean, bere ibilbide profesionala izan du hizpide Larrañagak elkarrizketan.

Kantua, panderoa eta bertsoa. Erromeria giroan aritu zara beti.

Trikitia, panderoa eta dantza izaten zen asteburuko erromerietan. Ogitartekoren bat jan eta ardo edo sagardo trago bat edanda, izaten zen umorea, tenplea; horrela hasi nintzen bertsotan. Plazara irteteko saltoa berandu egin nuen, ordea, gaurkoarekin konparatuta; 24 urterekin. Entzutera joaten nintzen, eta iruditzen zitzaidan bertsolariak kristorenak zirela, gaia jarrita aritzen zirelako. Nik taberna giroan kantatzen nuen, baina, azkenean, lagunak zirela eta ez zirela, animatu egin nintzen txapelketetan aritzera.

Zer moduz moldatu zinen?

Egin nuen lehenengo plazan bigarren geratu nintzen, Patxi Etxeberriaren atzetik. Horrek animoa eman zidan, eta hurrengoa Xenpelar saria joan zen. Han ere geratu nintzen bigarren, eta harekin ere gustura. Urtebeteren barruan, hirugarrenean txapela eman zidaten. Jaialdietara eta auzoetako festetara joaten nintzen orduan, baina, txapela daukazunean, hargatik edo honengatik, dena egin nahi duzu, eta orduan eta okerrago geratzen da. Ez nintzen denetara joaten, ikusten nuelako ez nintzela neu naizena.

Laster beteko dira 40 urte Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean kantatu zenuenetik.

Hala da, bai, maila horiek egin genituen. Halere, sekula ez naiz izan jaialdi zalea. Gu ondo moldatzen ginen geure baserri munduko gaiekin, gai ezagunekin, baina pixka bat geure lekutik ateratzen gintuzten gaiekin ez horrenbeste. Ez da ez genekiela, baina kezka geneukan, zer jarriko ote zuten. Puntutan-eta herriarengana ailegatzen nintzen, baina bakarkako gai hartan... Akordatzen naiz Jon Lopategi zenak esan zidala behin: «Hi finalean ibiltzeko bertsolaria bahaiz, baina heuri gustatzen ez zaiken horretan ez haiz saiatzen». Gero bertsolaritza berria etorri zen: batetik onak, eta bestetik ikasiak.

Noiz igaro zinen bertsotik kantura?

Bi bertsolari baldin bazeuden, beti soinu joleren bat izaten zen festan. Juan Mari Narbaizak eta biok plaza asko egin genituen, eta, behin, proposatu nion soinu jole batekin zerbait grabatzea. Doinu eta hitz zahar batzuk hartu, berriak egin, eta grabazioa egin genuen Agurtzane Elustondo eta Imuntzorekin [Juan Ramon Azpitarte]. Arrate irratiak eman zuen hori, eta gero beste bat egin genuen Loiolan, hobeto grabatuta. Ez nintzen konforme geratzen, ordea, eta disko bat grabatzeko saiakera egin nuen, estudioetara joanda. Pena ematen zidan halako estimua izan zuen grabazio bat hor lagatzeak.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria egunkariaren webgunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide