Elkarguneko Topalekuaren inaugurazio festa egin dute

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 15a, 19:01

Erabiltzaile gazteek eta udal ordezkariek Elkarguneko Topalekua inauguratu dute gaur, ostirala. Gaztetxoek hainbat bertso abestu dituzte, eta aurreskua eginda, trikitixa eta gitarra doinuak eskaini dituzte. Ondoren, mokadua egin dute bertan bildutakoek. 

Elkargunean dituen instalazioak handituta, berritutako Artxamendi Topalekua duela hilabete zabaldu zuten. Gaur, ostirala, inaugurazio festa egin dute udal ordezkariek eta Topalekuko arduradunek eta erabiltzaile gazteek, Ostrokue izenarekin. Musika, dantza eta bertsoak eskaini dituzte Topalekuko gazteek, eta amaieran horien lana eskertuz, sari bana jaso dute arduradunen eskutik. Inaugurazio data jasotzen duen plaka ere erakutsi dute Topalekuko ordezkariek.

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea "oso pozik" agertu da orain Topalekuan gazteek aisialdirako leku handiagoa dutelako. "Jolasean ere gauza asko ikas daitezke, eta ikasteko ikusi, entzun eta hitz egin behar da. Ea hemen zuen artean laguntasun handia lortzen duzuen", esan du Zubizarretak. Hori lortzeko, "jolasetan errespetua" behar dela azpimarratu du Zubizarretak, "inor baztertu gabe". Halaber, gunea zaintzeko ere eskatu du alkateak. "Denok ibili behar dugun lokala inauguratu dugu gaur, eta lokala zenbat eta hobeto egon, denok gusturago ibiliko gara", adierazi du.

Topalekuko bi guneak

Orain, bi gune berri ditu Topalekuak; Soinu eta Irudi Laborategia batetik, eta tailerrak egiteko lekua, bestetik. Soinu eta Irudi Laborategia, bideoak editatzeko eta irudiaren munduan murgiltzeko gunea egongo da, eta bestetik, lanbideen inguruko tailerrak ezagutzeko gunea; zurgintza eta iturgintza ikastaroak izango dira bertan, beste hainbaten artean. Gune berri horiek egokitzeko 24.000 euro bideratuko ditu Udalak. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide