Datorren astean hasiko dira Garapenean Bidelagun aste solidarioko ekintzak

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 15a, 13:50

Datorren astean hasiko dira Garapenean Bidelagun aste solidarioko ekintzak, Azkoitian. Besteak beste, dokumental emanaldiak, erakusketa eta azoka solidarioa egingo dituzte, talde eta fundazio solidarioek egiten dutenaren berri emateko. 

Garapenean Bidelagun aste solidarioan gobernuz kanpoko hamar elkartek parte hartuko dute, eta horien berri eman dute gaur, ostirala, Azkoitiko udaletxeko bilkura aretoan egin duten aurkezpenean. Aste solidarioan mundu osora begira lan egiten duten hamar talderen lana "hobeto ezagutzeko aukera" izango dela adierazi du Janire Igoa Azkoitiko Udaleko Gizarte batzordeburuak. ACOES, Nava Jeevan, Eskubidez eta Gazteak eta Garapena taldeetako kideak bildu dira gaur Azkoitiko udaletxean. Igoa zinegotziak azaldu du, munduan dena ez dela "arrosa kolorekoa", eta nabarmendu du ezin dela "elkartasunaren zentzua ez galdu eta ez alde batera utzi". 

ACOES, Behar Bidasoa, Darahli elkartea, Eskubidez SMH, Gazteak eta Garapena, Mulatik Herriak, Azkoitiko Misio Taldea, Mundu Solidarioa Helburu, Nava Jeevan eta TDHF Laguntza Zuzena taldeek postu bana jarriko dute azaroaren 24an Azkoitian egingo duten azoka solidarioan. Produktuak saltzeaz gain, beren egitekoa azalduko diete postura hurbiltzen direnei. "Ekimenaren asmoa da, mundu solidario baten aldeko sentsibilizazio lana egitea eta beharra handia dela jabetzea. Jaioterriak erabakitzen du beti patua", adierazi du Igoak. Garapen bidean dauden herrialdeekin alderatuta, Euskal Herrian jaiotzea "pribilejiatua" izatea dela esan du zinegotziak. 

Taldeak hamaika lekutan lanean

Eskubidez SMH taldea iaz sortu zen Azkoitian, Mediterraneo itsasora iristen diren haur, gazte, gizon eta emakume errefuxiatuek bizi duten egoera salatzeko eta plazaratzeko asmoz. Nerea Machadok argi azaldu du taldearen helburua: Mediterraneoko kostaldera iristen diren errefuxiatuen heriotza saihestea, han lanean ari diren beste GKEekin bat eginda. Aita Mari erreskate ontzia Mediterraneora eramateko borrokan ari da elkartea. Machadok azaldu du errefuxiatuentzako materiala bilduko dutela datozen egunetan. Ekintzen berri laster emango dutela jakinarazi du. 

Nava Jeevan taldea Kalkutan (India) jarduteko sortu zuten hainbat gaztek, bertan bizitako askotariko esperientziak bultzatuta. Arantxa Bidezabal kideak adierazi du hainbat proiektu dituela taldeak martxan. Ume gaixoen tratamendu medikua ordaintzea edota hango haur hezkuntza eta emakumeen ahalduntzea indartzea dituzte helburu. Halaber, laguntza zentro bat sortu zuten Kalkutako auzo txiro batean, eta handik bideratzen dute laguntza.

Gazteak eta Garapena fundazioa munduan pobrezia erakusten laguntzeko, garapen iraunkor, gizatiar, sozial eta ekonomiko baten alde ari da lanean. Ekuadorreko Santa Domingo ea Tsachillasen emakumeen ahalduntze soziala eta ekonomikoa sustatzeko proiektu bat ari da garatzen, Azkoitiaren laguntzarekin. Beningo umeen aterpe baterako zozketa egin berri du taldeak herrian, eta duela gutxi, gainera, solidaritate pintxoa eta bigarren eskuko azoka egin dituzte.

ACOES taldeak, berriz, Honduraseko eremu txiroenetan egiten du lan, nagusiki, hezkuntza esparruan. Elkarteak 13.000 haur ditu eskolaratuta eta eguneroko otordua, arropa eta eskolako materiala banatzen dizkie bertako kideei. Gazteek batxilergoa ikasteko barnetegia ere martxan dute. Zarauzko eta Azkoitiko Udalen laguntzarekin, adinekoen egoitza bat ere badute Hondurasen. Marian Isuskiza eta Amaia Arregi taldeko kideek gizartea biltzearen garrantzia azpimarratu dute, eta "besteei laguntzeko esfortzu bat" egin beharra dagoela gaineratu dute.

Hainbat ekintza, datozen egunetan

Garapenean Bidelagun taldeak hainbat ekintza egingo du datozen asteetan. Azaroaren 18an, 24 millas zine foruma eskainiko dute Elkargunean, 18:30an. Azaroaren 20an, berriz, Un mundo donde quepan muchos mundos dokumentala emango dute, Elkargunean, 18:00etan. Azaroaren 20an, 21ean eta 22an, gainera, 'Emakumeen lege iraultzailea' erakusketa irekiko dute, leku berean; 17:30etik 19:30era bitartean zabalduko dituzte erakusketaren ateak.

Azaroaren 24an, igandea, azoka solidarioa egingo dute, herriko plazan. 11:00etatik 13:30era bitartean jarriko dituzte postuak, eta bertan taldeek egiten dutenaren berri ere emango dute. Azaroaren 24an eta 25ean, En un mundo mejor filma eskainiko dute Baztartxon. Azaroaren 25etik 29ra, berriz, Palabek, refugio de esperanza dokumentala eta erakusketa ikusteko aukera izango da Torrezuri erakustokian.

Palabek Ugandan dagoen errefuxiatu eremua da, eta dokumentalean hango bizimodua jaso dute. Hego Sudanen egun bizi den gerratik ihesi, egunean batezbeste 500-600 pertsona iristen dira Palabeken dagoen errefuxiatu eremura. Ugandan onartu dituzte, baina euren bizitza baldintzak "oso gogorrak" direla azaldu du Juan Inazio Sudupek. "Gerratik ihesi, bizimodu on bat utzi dute atzean, eta orain, muturreko pobrezian bizi dira", azaldu du salestarrak. Salestar batzuk han bizi direla jakinarazi du azkoitiarrak, "gazteei prestakuntza eskaintzen, bakea iristean denean Hego Sudanen aurrera egiteko aukera izan dezaten hango herritarrek". Dokumentalaz gain, totem erakusketa ere jarriko dute, Palabek herriko errefuxiatu eremuko egoeraren azalpenak emateko. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide