Ibilgailu elektrikoentzat bi kargagune jarriko ditu Udalak

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 14a, 14:39
Kargaguneak jartzeko lanak Xabier Munibe kalean. (Azkoitiko Udala)

Plazan eta Xabier Munibe kalean ibilgailu elektrikoentzat kargagune bana jarriko du Azkoitiko Udalak. Bestalde, Udaltzaingoarentzat %100 elektrikoa den ibilgailua erosiko du. 

Egunetik egunera ibilgailu elektrikoak indarra hartzen ari direla eta, Azkoitiko Udalak ibilgailu horientzat bi kargagune jarriko ditu herriko bi txokotan; plazan jarriko dute kargagune horietako bat, eta Xabier Munibe kalean bestea. Hori dela eta, kargaguneak sare elektrikora konektatu ahal izateko lanean ari dira dagoeneko. Udaleko kideek adierazi dutenez, ibilgailu elektrikoen erabilera "bultzatzeko eta ahalbidetzeko asmoz" jarriko dituzte kargaguneak.

Bestalde, Udalak adierazi duenez, ibilgailu elektrikoek ez dute erregairik behar funtzionatzeko; kontsumitzen duten elektrizitatea energia bihurtzen dute, eta ondorioz, ez dute gas kaltegarririk igortzen. Hori dela eta, %100 elektrikoa den ibilgailua erosiko du Udaltzaingoarentzat, Hyundai etxearen loniq modeloa, hain zuzen ere. Udaltzainek auto bakarra dute une hauetan, eta ibilgailu berriarekin bi auto izango dituzte eskura.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide