Orbel Jokuetan parte hartzeko izen ematea luzatu dute umeentzat

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 14a, 19:00
Iazko finalistetako batzuk.

12 eta 16 urte arteko umeek parte hartu ahalko dute Maxixatzenek antolatutako Orbel Jokuen haur mailan. Datorren asteartera arte, hilak 19, luzatu dute izena emateko epea.

Orain arte, helduak eta gazteak batzen ziren Orbel Jokuek lehiaketan, baina prestatutako probak ez zeuden pentsatuta umeentzat, eta beraz, haiek beti galdu egiten zuten.

Adin tarte desberdinetako herritarrek lehiaketan parte hartzeko aukera izaten jarrai dezaten eta arazoari irtenbidea eman nahian, bi mailatan banatu dituzte aurten Orbel Jokuek: 12 eta 16 urte bitarteko umeena batetik, eta 16 urtetik gorakoena bestetik. Umeen parte hartzea handitu asmoz, 12 eta 16 urte bitarteko umeen izen emate epea luzatu du Maxixatzen Euskara Elkarteak.

Gazteen mailakoak bigarren proban batuko dira lehiaketara, azaroaren 21ean hain zuzen ere. Haiek bi proba egingo dituzte finalera iritsi aurretik; helduek, aldiz, hiru.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide