Mikel Iraeta: “Ilusioa egingo lidake abestiek entzuleei zerbait transmitituko balie”

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 19a, 11:00
Mikel Iraeta musikaria.

Ro eta Zizel taldeetako kidea da Mikel Iraeta (Azkoitia, 1992), baina argitara atera berri du bakarkako bere lehen lana: Isha. Grabaketa eta nahasketa Iraetak egin ditu; masterizazio lana, berriz, Cadizko (Andaluzia, Espainia) Kadifornia estudioan egin dute. Lana plataforma digital guztietan egoteaz gain, formatu fisikoan erosteko aukera ere egongo da. Isha diskoa Durangoko Azokan eskuratzeko aukera egongo dela aitortu du musikari azkoitiarrak. Aurkeztu berri duen lanari buruz hitz egin du Iraetak:

Noiz jarri zenuen abian Isha proiektua?

Ez dakit zehazki noiz hasi zen, pixkanaka irteten joan den proiektua izan baita. Musika sortzea gustatzen zait eta pixkanaka kantuak egiten joaten naiz. Batzutan Zizel taldearentzat eta beste batzuetan Ro taldearentzat balio dezaketen abestiak ateratzen zaizkit. Sortutako beste abesti batzuk, ordea, oso neureak sentitu ditut eta ez nituen bi talde horietan ikusten. Beraz, azken hilabete hauetan kantu horiek biltzea eta argitaratzea erabaki dut.

Zergatik Isha izena?

Zizelek argitaratuko duen diskoaren izena formula matematiko bat da, eta X da formula horretako aldagai bat. Keinu bat egin nahi nion disko horri, baina IXA idatzita ez zitzaidan gustatzen, eta ISHA bezala idatzita esanahirik ba al zuen begiratu nuen. Kasualitatez aurkitu nuen albanieraz ISHAk “ni nintzen” esan nahi zuela. Abestien izenak niretzat bereziak diren datak direla kontuan hartuta, ezin hobeto datorkit, data horiek ni nintzena adierazten baitute.

Bost kantu ditu diskoak. Zer transmititu nahi duzu abesti horien bitartez?

Ez dago intentzio berezirik, gauza desberdinak transmititzen dizkidate. Espero dut norbaiti zerbait transmititzea. Berdin zait zer, baina ilusioa egingo lidake abestiek entzuleei zerbait transmitituko balieke.

Nolako musika estiloa landu duzu diskoan?

Musika elektronikoa. Azken urteetan elektronika asko entzuten nabil, baita pianista desberdinak ere. Izugarri gustatzen zait bien arteko nahasketa. Horrelako zerbait lantzea nahi nuen, baina zerbait egitera joaten naizenean normalean beste zerbait ateratzen zait. Beraz, ez dakit zehazki zer den landu dudana, baina garbi ikusten dut gustatzen zaizkidan estilo guztiak jasota gelditu direla diskoan.

Zenbat denbora eskaini diozu proiektuari?

Asko, pila bat. Ordu kantitatea idatzita ikusiko banu agian beldurtu egingo nintzateke. Ordu gehiago eskaini nahi nizkion, baina gauzak uzten eta zerbait berria egiten hasten jakin behar da. Beraz, orain beste zerbaiti eskainiko dizkiot orduak.

Grabaketa eta nahasketa ere zeuk egin dituzu. Lan erraza izan al da?

Ez da erraza izan, baina gustura egin dudan lana izan da. Lanketa hori izan da egitea gehien kostatu zaidana, ez baitut esperientzarik. Azken urtean, ordea, Alberto Martinezek asko irakatsi dit, eta informazio horri esker neure kabuz zerbait egiteko gai izan naiz.

 

"Gaur egungo baliabideekin askok jotzen dute autoekoizpenaren bidetik".

 

Zergatik jo duzu autoekoizpenera?

Ez da horren erraza alboan zure lana ekoizteko prest dagoen norbait izatea; beraz, autoekoizpenaren bidea geratzen da. Gaur egungo baliabideekin askok jotzen dute autoekoizpenaren bidetik.

Betidanik izan duzu bakarkako disko bat argitaratzeko grina?

Urte honen hasieran disko bat ateratzea ez zegoen nire planen artean; ez dut betidanik izan grin hori. Naturalki atera zait. Horrez gain, pertsona batzuek eman didaten babesa erabakigarria izan da aurrera egiteko.

Disko fisikoa salgai egongo da Durangoko Azokan. Interneten ba al da diskoa entzuteko aukerarik?

Bai, Interneten entzungai dago plataforma gehienetan: Spotify, Youtube, Badok ataria, Bandcamp, Apple Music, Deezer… Horrez gain, aurtengo Durangoko Azokan ere egongo da salgai disko fisikoa.

Kontzertuak ematea da Iraetak buruan duen hurrengo helburua?

Hurrengo helburua ez, baina bada helburu bat. Momentuan, Ro taldearekin igotzen naiz agertokira, eta horrek asetzen nau. Ilusioa egiten dit, ordea, neure abestiak zuzenean jotzeak. Noiz ez dakit, baina nahikoa ziur nago emango dudala kontzerturen bat.

 

"Kontzertuak emateko mila modu desberdin daude, eta gakoa zeurea aurkitzea da".

 

Erraza da bakarkako lan batekin agertokira igotzea?

Ez naiz inoiz bakarrik agertokira igo, baina ez daukat igo beharrik erraza ez dela jakiteko. Kontzertu bat agertoki gaineko ordu bat baino askoz ere gehiago da, eta hori prestatzeak lan izugarria eskatzen du. Are gehiago, guztia zeuk bakarrik egin behar baduzu. Kontzertuak emateko mila modu desberdin daude, eta gakoa zeurea aurkitzea da. Beraz, nirea aurkitzen dudanean igoko naiz agertokira.

Ro eta Zizel taldeko kidea ere bazara. Nola uztartzen dituzu proiektu guztiak?

Gustora nabil bietan, bakoitzak gauza desberdinak ematen dizkit. Dena den, batzuetan ez zait erraza egiten behar bezala parte hartzea. Ni Bartzelonan bizi naiz eta Ro taldekoak Azkoitian daude. Halere, lortzen dugu era batera edo bestera aurrera egitea.

Azken proiektua Ro taldearekin egin zenuen. Zer desberdintasun ditu lan hark berriarekin?

Musika estiloa oso desberdina da, eta musika egiteko modua ere desberdina izan da. Oraingo hau oso pertsonala da. Ro taldearentzat abestiren bat egin behar badut, guztiz desberdin pentsatzen eta konposatzen dut. Azken finean talde bat gara, eta nahiz eta zuk ideia bat aurkeztu, gero guztion artean erabaki behar izaten da. Nire izenean atera behar badut, berriz, nahikoa da nire gustukoa izatea. Bi moduak gustatzen zaizkit, gauza desberdinak ateratzen direlako.

 

"Laster hasiko naiz buruan ditudan ideiekin jolasean".

 

Zure asmoa da bigarren disko bat egitea?

Niri musika sortzea gustatzen zait, beraz, horretan jarraituko dut, ideiak baditut eta. Laster hasiko naiz buruan ditudan ideiekin jolasean. Berdin dit disko edo single formatuan, baina egiten jarraituko dut.

Aurrera begira zein dira zure asmoak?

Abestiez gain bideoak egin nahi ditut. Ez dut nahi musika bakarrik izatea, baizik eta ikus-entzunezko zerbait egitea da nire asmoa. Nire arreba Itxaro Iraetaren laguntzarekin, asmo hori ere aurrera doa pixkanaka.

Isha diskoaren azala.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide