Iban Larrañagak Javier Urrizarekin osatuko du bikotea Binakako Erremonte Txapelketan

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 13a, 09:28
Larrañaga, behean, eskuinetik lehena. (Argazkia: Oriamendi)

Iban Larrañaga erremontista azkoitiarrak Javier Urrizarekin batera parte hartuko du 49. Binakako Erremonte Txapelketan. Bihar, osteguna, hasiko da berrikuntzaz jositako txapelketa, eta finala abenduaren 28an jokatuko dute.

Aldaketak izango dira bihar, osteguna, hasiko den Binakako Erremonte Txapelketan. Abenduaren 28ra bitartean jokatuko dute txapelketa, eta lehian azkoitiar bat izango da: Iban Larrañaga. Txapelketaren lehen fasean Javier Urrizarekin batera osatuko du bikotea azkoitiarrak.

Lehen fasean bost bikote ariko dira lehian, iaz baino bat gutxiago: Uterga-Azpiroz —iazko txapeldunak—, Urriza-Larrañaga, Matxin III.a-Endika, Ansa II.a-Ion eta Juanenea-Barrenetxea IV.a. Aurtengo berrikuntzen artean azpimarratzekoa da puntuazio sistema. Orain arte egin bezala, partida bakoitzeko bikote irabazleak lau puntu jasoko ditu, eta galtzaileak egindako tantoen arabera jasoko ditu puntuak.

Aurten, ordea, banakako lana ere hartuko dute kontuan. Neurketa bakoitzean tanto gehien egiten dituzten aurrelariek eta atzelariek beste launa puntu jasoko dituzte, eta beste bi kirolariek bina. Txapelketako hamar partidetan pilotariek banaka eta binaka lortutako puntuak batuko dituzte, eta puntu gehien dituzten hiru aurrelariak eta atzelariak sailkatuko dira finalerdietako ligaxkara —iaz ez zen ligaxkarik izan—. Ligaxka abenduaren 12an, 14an eta 21ean jokatuko dute, eta bikoteak sailkapenaren arabera osatuko dituzte. Galarretan jokatuko dituzte partida guztiak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide