Floreagako ikasleek kantuan jarri dituzte San Joseko egoiliarrak

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 12a, 18:04

Gaur hasi dira ospatzen Adinduen Astea Azkoitiko egoitzan. Txokolate janaz gozatu ondoren, salestarren ikastetxeko ikasleen musika, bertso eta dantza emanaldiarekin borobildu dute arratsaldea San Jose egoitzan.

San Jose egoitzan gaur hasi dira ospatzen aurtengo Adinduen Astea. Igandera bitartean, egunero izango dituzte ekitaldiak egoitzan. Festa giroan ospatuko dute astea, eta horren erakusle izan da lehen eguna.

Txokolate beroarekin eta txurroekin meriendatu ondoren, asteko lehen bisita berezia jaso dute egoiliarrek. 16:30etik aurrera, Floreaga Ikastetxeko ikasle talde batek dantzaz, bertsoz eta kantuz betetako emanaldia eskaini diete, eta San Josen bizi diren adinekoak kantuan jarri dituzte, betiko abestiekin hornitutako bukaerako txanpan, bideokoa kasu:

Bihar, karta jokoan ariko dira egoiliarrak, eta datozen egunetarako ere ez zaie denbora pasarik faltako. Hau da Adinduen Asteko datozen egunetako egitaraua:

Azaroak 13, asteazkena

  • 16:30ean, XXVIII. Seiko Urre Txapelketa.

Azaroak 14, osteguna

  • 16:30ean, Xabier Munibe eta Azkoitia BHI eskoletako ikasleen bisita.

Azaroak 15, ostirala

  • 16:00etan, txokolatada.
  • 16:30ean, bingoa.

Azaroak 16, Boluntarioen Eguna

  • 16:30ean, Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako ikasleen bisita.
  • 19:30ean, afari girotua Iñaki Basaberekin.

Azaroak 17, Sendiaren Eguna

  • 10:00etan, txalkor txistularien kontzertua.
  • 11:00etan, meza.
  • 12:00etan, hamaiketakoa eta opari banaketa egoiliarrei.
  • 13:30ean, bazkaria.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide