Azaroaren 22an amaituko da euskara ikasteagatik dirulaguntza eskatzeko epea

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 12a, 17:58

2019-2020 ikasturtean euskara ikasteagatik Udalak ematen duen dirulaguntza bi ordainketatan eskatzeko azken eguna azaroaren 22a, ostirala, izango da. Eskaerak Udaleko Erregistro Nagusian egin beharko dira egun hori baino lehen.

Azkoitiko Udalak herrian euskara sustatzeko hainbat dirulaguntza ematen du. Besteak beste, joan zen urrian hasi eta 2020ko ekainean bukatuko diren 2019-2020 ikasturteko euskara ikastaroen dirulaguntza bi ordaindiketatan eska daiteke, eta azaroaren 22an, ostirala, bukatuko da laguntza hori eskatzeko epea.

Dirulaguntza eskatzeko honako baldintzak bete beharko dira, beste hainbaten artean: Azkoitian erroldatuta egotea, gutxienez, ikastaroak irauten duen bitartean; 16 urte beteta izatea; eta gutxienez, %85eko asistentzia izatea ohiko, autoikaskuntza nahiz internet bidezko ikastaroetan, ikastaro trinkoetan zein barnetegian.

Dirulaguntzen zenbatekoari dagokionez, berriz, honakoak izango dira:

  • Euskaltegian neguan eta udan ikastaroak egin eta gainditu dituztenei, matrikularen %75a ordainduko zaie. Nolanahi ere, dirulaguntza ez da 350 eurotik gorakoa izango.
  • Ikastaro trinkoak nahiz autoikaskuntza eta internet bidezko ikastaroak egin eta gainditzen dituztenei, matrikularen %70a ordainduko zaie, beti ere, 350 euroko mugarekin.
  • Barnetegian ikastaroak egin eta gainditzen dituztenei, matrikula, jatordua eta egoitza gastuen %70a ordainduko zaie, beti ere, 1.050,00 euroko mugarekin.
  • Urtero eskatzaileko gehienezko laguntza 1.400 eurokoa izango da

Honako lotura honetan aurki daiteke dirulaguntzen inguruko informazio gehiago.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide