Podologia zerbitzua jarriko dute martxan jubilatuen egoitzan azaroaren 19an

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 12a, 15:00
Plaza Ondo elkarteko eta Udaleko kideak Unai Amilleta podologoaren kontsultan. (Azkoitiko Udala)

Hileko hirugarren astearteetan podologia zerbitzua jarriko dute martxan jubilatuen egoitzan Plaza Ondo jubilatuen elkarteak eta Udalak. Unai Amilleta podologoa arduratuko da zerbitzua emateaz eta hilaren 19an, asteartea, estreinatuko du hark kontsulta.

Plaza Ondo jubilatuen elkarteak eta Azkoitiko Udalak podologia zerbitzua jarriko dute martxan jubilatuen egoitzan hilaren 19an, asteartea. Abenduko kontsulta, berriz, hilaren 17an izango da. Unai Amilleta podologoa arduratuko da zerbitzu hori emateaz, eta hilabete bakoitzeko hirugarren asteartean eskainiko du zerbitzua 09:00etatik 14:00etara bitartean. Halere, eskaria handia bada, Plaza Ondo elkarteko kideek ez dute baztertzen zerbitzua egun gehiagotara zabaltzea.

Unai Amilleta podologoaren arabera, ohikoa da adineko pertsonek oinetan arazoak izatea: “Adineko pertsonen artean erraza da oinetan arazoak izatea, sarritan diabetesagatik edo zirkulazio arazoengatik, eta merezi du gainean egoteak. Batik bat, arriskuak prebenitzeko”, azaldu du.

Podologia zerbitzua Plaza Ondo elkarteko kideentzat nahiz jubilatu eta erretiratu guztientzat egongo da eskuragarri. Elkarteko kideek, gainera, deskontua izango dute zerbitzuan; kontsultaren prezio orokorra 22 eurokoa izango da, eta elkarteko kideentzat, 20 eurokoa. Podologoarekin hitzordua hartu nahi duten erabiltzaileek 943-85 21 68 telefonora deitu dezakete astearteetan, ostegunetan eta ostiraletan, 10:30etik 12:30era bitartean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide