Hiru kontzerturekin eta DJ emanaldiarekin bihar amaituko da Bebarruko Jardunek

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 14a, 09:34
Sajjra taldeko Chrs Galarreta Moskun emandako kontzertu batean. (Sajjra)

Sajjra, Krapoola eta Nu No taldeen kontzertuekin eta Distopia Mutante DJaren emanaldiarekin bihar, ostirala, amaituko da Bebarruko Jardunek. 22:30ean hasiko dira kontzertuak, eta bost euro ordaindu beharko da sarrera.

Joan zen urrian hasi zen udazkeneko Bebarruko Jardunek, eta ordutik askotariko emanaldiez gozatzeko aukera izan da Matadeixen: hala nola, hainbat kontzertu, olerki saioa eta antzezlana ikusi ahal izan dira aurtengo edizioan. Bihar, ostirala, izango da Bebarruko Jardunen azken kontzertu saioa, eta bost euro ordaindu beharko da sarrera.

Hiru talde igoko dira bihar agertokira. Alde batetik, Peruko Sajjra musika taldeak kontzertua eskainiko du; besteak beste, Andeetako musika tropikala eta soinu esperimentazioa uztartzen ditu Chrs Galarretak. Gainera, aurten kaleratutako Synthexcess diskoa aurkeztuko dute Matadeixen. Bestalde, Nu No talde portugaldarra entzuteko aukera izango da; Turva lingua izeneko diskoa atera berri dute, eta lan berri horretako kantuak joko dituzte agertokian beste hainbaten artean. Krapoola taldeak ere kontzertua eskainiko du bihar; tramankulu zaratatsuak eta inprobisazio librea uztartuko ditu taldeak Matadeixen. Horrez gain, Distopia Mutante DJ-ak emanaldia eskainiko du hiru taldeen kontzertuen ostean.

Izu zinezkoak, asteazkenean

Bebarruko Jardunen kontzertu emanaldiak bihar amaituko badira ere, Izu zinezkoak zine zikloaren barruko azken filma ikusi ahal izango da datorren asteazkenean, hilak 20. I am hero pelikularen emanaldia izango da, 21:30ean hasita.

Hona hemen Sajjra-ren Maldita Kolmena abestiaren bideoklipa:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide