Gutuna: 'Gaizki-ulertua ekiditeko'

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 9a, 09:30

Marea Urdinak gutuna bidali dio Maxixatzeni, Espainiako hauteskundeen atarian alderdi politiko batek argitaratu duen aldizkariko eduki batek sor dezakeen "gaizki-ulertua ekiditeko". Honakoa idatzi dute:

"Egun hauetan alderdi politiko baten aldizkariaren lehen alea iritsi da azkoitiarren postontzietara, eta orri batean Baztartxo antzokian egin genuen 'Marea Urdina Filma'-ren aurkezpena goraipatzen du. Ondoko orrian alderdi horren aldeko bozka eskatzen du. Iritzi artikulu bat da, eta nola ez, egileak idatzi zuenean eskerrak eman genizkion. Hauteskundeetarako egun bat falta denean eta etxe guztietan alderdi ezberdinen bozkatzeko paperak iristen ari zaizkigunean, Marea Urdinatik gure kezka azaldu nahi dugu: hurbil aurkitzen dira bi mezuak, eta norbaitek pentsa dezake Marea Urdina eta alderdi politiko hori hurbilekoak direla. Eta hori ez da horrela.

Marea Urdina sortu genuenetik ikaragarrizko esfortzua egin dugu gure ekimena “garbia” izan zedin: herritik sortutakoa herritar guztiei zabalduz besterik gabe. Gure ikurrin politiko bakarra desgaitasuna duten herritarren eta haien familien irribarrea da. Bultzatzen dugun sistema politiko bakarra herritar guztiek eskubide eta aukera berberak izatea bermatzen duena da. Urdina da gure kolorea, hori delako gure marea martxan jarri zuen desgaitasunaren kolorea: autismoa; eta baita ere kolore horrek islatzen duelako ondoen uraren gardentasuna; gu ere gardenak baikara. Eta ohar honen bidez aldarrikatu nahi dugu, ez dugula bat egiten inongo ideologia politikorekin. Guk desgaitasunekin egunero bizi diren herritar guztiekin egiten dugu bat soilik, eta horien gizarteratzea da gure borroka bakarra".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide