Imanol Garcia: "Oso iragankorra eta abstraktua da musikalen mundua, baina polita"

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 8a, 10:42
Imanol Garciak Ivan pertsonaia gorpuzten du 'La princesa Anastasia' antzezlanean.

'La princesa Anastasia' musikaleko protagonistetako bat da Imanol Garcia azkoitiarra. Hilabete batzuetako geldialdiaren ostean, Gabonen ondoren emanaldiekin hasiko dira Bartzelonan.

Martxotik musikal batean buru-belarri lanean dabil Imanol Garcia (Azkoitia, 1989) Bartzelonan. Senitarteko batek musikal baterako antzezle bila zebiltzala abisatu zion, eta probetara aurkeztu zen. Hala, La princesa Anastasia antzezlanerako pertsonaia baten rola erdietsi zuen. Gabonen ostean ekingo diote berriz ere musikala antzezteari.

  • Nola iritsi zinen La princesa Anastasia antzezlanean parte hartzera?

2018. urtean Bartzelonara joan nintzen bizitzera. Aurten, bertan bizi den lehengusu batek musikal baterako casting bat egin behar zutela aipatu zidan, eta tenor baten bila ari zirela. Lehenengo fasean, bideo bat bidali behar genien ekoizleei, eta fase hori pasatuta, aurrez aurreko casting bat egiteko deitu zidaten. Neure burua grabatu nuen pare bat kantu a capella abesten, eta ekoizleei bidali nien. Handik pixka batera, castingaren bigarren fasera joateko deitu zidaten, eta hara joan nintzen. Ondoren, dantza proba pasatu behar nuela esan zidaten; dantza egiten ez naiz oso trebea, baina saiatu egin nintzen, eta ekoizleei gustatu egin zitzaien. Iazko abendu amaieran proiektuaren parte izateko proposamena egin zidaten, eta onartu egin nuen. Urte honen hasieran hasi ginen musikala prestatzen, eta martxoan estreinatu genuen antzezlana.

  • Zer kontatzen du antzezlanak, eta zein pertsonaia gorpuzten duzu zuk?

Errusiako Iraultzaren ondorengoko San Petersburgon kokatzen da antzezlana. Nik gorpuzten dudan pertsonaia Ivanek eta Borisek erietxetik atera berri den Ana Parisera joateko konbentzitzen dute. Han, Maria Fiodorovna enperatrizari, Ana Anastasia printzesa dela sinetsarazten diote, eta horren inguruan hitz egiten du musikalak. Hasieran, bigarren mailako pertsonaia bat antzezteko egin nuen proba; protagonistetako batek, ordea, proiektua utzi behar izan zuen, eta Ivanen pertsonaia gorpuzteko aukera eskaini zidaten. Baiezkoa eman nien, eta hilabete musikaleko koruak egiten ibili ostean, Ivan pertsonaia gorpuzten hasi nintzen.

  • Guztira, hogei antzezle zarete agertokian. Erraza al da denak koordinatzea?

Antzezlanak, guztira, hiru ekoizle ditu. Haiekin hiruzpalau egun zehazten ditugu denok entseguak egin ditzagun. Egun batean, dantza entseguak egiten ditugu; bestean, abestiak nahiz melodiak eta ahotsak errepasatzen ditugu; eta azkenik, eszenografia kontuak errepasatzen ditugu. Horrez gain, beste egun batean denok elkartu eta eszena guztiak batera antzezten ditugu.

  • Nolako harrera izan du musikalak?

Oso harrera ona izan du antzezlanak. Ekoizleen lehen obra da, baina anbizio handikoa eta etorkizuneko oso ikuspuntu polita duena. Gainera, musikal oso ezberdina da. Horrez gain, lantaldeko jendea oso profesionala da, eta ilusio handia jartzen du bakoitzak bere lanean. Jendeak dioenaren arabera, oso giro ona sortzen dugu agertokian. Musikala orain gutxi hasi da, baina ibilbide polita du aurretik.

  • Inoiz parte hartu al duzu beste musikalen batean?

Parte hartzen dudan lehen ekoizpen profesionala da hau. Halere, askotariko proiektuetan aritu izan naiz lehenagotik. Azkoitiko Floreaga Ikastetxean ikasi nuen, eta han musikal asko egin genituen. Bestalde, Xabier Barquero eta Kari Alberdi azkoitiarrek sortutako Rise and shine musikalean parte hartu nuen duela bospasei urte. Zuzendari horiek, obra horren ondoren, Shine again antzezlana sortu zuten, eta han ere ibili nintzen aktore lanetan. Aurten, K-baret antzezlana egiten ari dira, baina nik ezin izan nuen haiekin lanean jarraitu, La princesa Anastasia musikalean parte hartzeko proposamena egin baitzidaten orduan. Aurretik izandako ibilbide horri guztiari esker ausartu nintzen bide berriak probatzera, bestela ez nintzatekeen gaur nagoen lekuan lanean arituko.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren atarian.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide