Datorren astelehenean irekiko dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian izena emateko aukera

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 6a, 17:08
Maratoi erdiaren antolatzaileak eta babesleak, gaurko agerraldian.

Gaur aurkeztu dute, Donostian, 2020ko lasterketaren sustapen kanpaina. Runner Bihotza leloa jarri diote antolatzaileek Diego Garciaren omenezko probaren XXVII. edizioari.

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileek Donostian aurkeztu dute gaur probaren 2020ko edizioa, FICA nazioarteko atletismo film jaialdiaren barruan. XXVII. aldia beteko du datorren martxoaren 28an Diego Garciaren omenezko lasterketak, eta hura sustatzeko prestatu duten kanpainaren berri eman dute antolatzaileek, irekitzear den izen-ematearen xehetasunekin batera. Datorren astelehenean, azaroak 11, irekiko dute izen-ematea, rockthesport.com webgunean.

"Ahalik eta prezio baxuenak" mantentzen saiatu direla esan dute antolatzaileek. "Azken orduko izen-emateak igo ez arren, hasierakoak pixka bat igotzea beharrezkoa izan dugu, urtez urte aurrekontua parekatzea gero eta gehiago kostatzen baitzaigu".

Hauek dira izen-emateen prezioak eta xehetasunak:

  • Lehen 100 dortsalak 18 eurotan salduko dituzte.
  • Abenduaren 31ra arte, federatuek 20 euro eta federatu gabeek 23 ordaindu beharko dute. Hala ere, azken hiru urteetan parte hartu duten korrikalariek hiru euroko deskontua izango dute.
  • Otsailaren 29a arte, federatuek 22 euro eta federatu gabeek 25 euro ordaindu beharko dute.
  • Martxoaren 19a arte, federatuek 24 euro eta federatu gabeek 27 euro ordaindu beharko dute.
  • Azken astean, martxoaren 26a arte, federatuek 29 euro eta federatu gabeek 32 euro ordaindu beharko dute.

Lasterketa motzean, berriz hauek izango dira prezioak:

  • Otsailaren 29a arte, 14 euro. Azken hiru urteetan parte hartu dutenek bi euroko deskontua izango dute.
  • Martxoaren 19a arte, 16 euro.
  • Azken astean, martxoaren 26a arte, 20euro.

'Runner Bihotza'

Azkoitia-Azpeitiaren edizio berrirako aukeratu dituzten leloa eta irudia aurkeztu dituzte gaurko agerraldian. Runner Bihotza da sustapen kanpainan erabiliko duten leloa. 2020a Olinpiar Jokoen urtea izango da eta "lelo olinpikoarekin bat eginez" aukeratu dute Runner Bihotza.

Lelo nagusi horren pean, Azkoitia-Azpeitia eta izpiritu olinpikoa batzen dituzten hainbat balio plazaratu nahi dituztela esan dute antolatzaileek: "Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian parte-hartzaile guztiek urtero egiten duzuen ahalegina aitortu nahi dugu; ahalegin horren atzean dauden entrenamendu orduak, lehiaketa bakoitzean lortzen edo gainditzen dituzuen helburuak. Azkoitia-Azpeitia sentimendu horien adierazle da, eta gure aldetik, korrikalarien bihotza piztuko duen zuzia izatea nahi genuke, eta partaide guztiek adiskidetasuna, desberdintasuna, elkartasuna eta joko garbia besarkatzea. Izan ere, lasterketa berezia dugu gure maratoi erdia, Diegoren taupadekin, bihotzaren berotasuna sentiaraztea lortzen duena".

Maratoi erdia "duintzera"

Azkoitia-Azpeitiaren kirol maila ere nabarmendu nahi izan dute gaurkoan. Maratoi erdia "Europako proba onenen artean" dagoela esan dute, eta nazioarteko erakundeen datuak eman dituzte, baieztapen hori egiaztatzeko. "Gaur egun, gizonezkoen mailan, IAAF erakundearen rankingean munduko 21.a da errepideko lasterketetan", gogoratu dute, eta alderaketa egin dute, Atletismoko Nazioarteko Federazioaren sailkapen hori oinarri hartuta, Espainiako Estatuan egiten diren beste maratoi erdi handi batzuekin: Valentziakoa dute bakarrik aurretik sailkapen horretan, eta Bartzelonakoa, berriz, justu atzetik. Espainiako Atletismo Federazioaren rankingean, berriz, seigarren maratoi erdi onena de Azkoitia-Azpeitia.

"Azken datu horiek esanda, maratoi erdi hitza duintzea nahiko genuke. Izan ere, gurea bezalako proba bat, IAAF, European Athletics, RFEA, EAF eta GAFeko egutegietan badago, proba ofiziala delako eta erakunde horien arauen barruan dagoelako da", nabarmendu dute antolatzaileek. Horrek hainbat neurri, arau eta baldintza betetzera derrigortzen ditu Azkoitia-Azpeitia antolatzen dutenak. "Maratoi erdi ofizial batek, kanonak ordaintzea baino askoz lan handiagoa du bere izaera bera mantentzen", azpimarratu dute horren harira.

Babesle publikoen zein pribatuen, kolaboratzaileen eta boluntarioen lana eskertuz eta goraipatuz bukatu dute gaurko aurkezpena.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide