Hainbat lagunek salatu dute Baionako emakumearen ustezko erailketa matxista

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 6a, 18:00

Sostenipek deituta, hainbat lagun elkartu dira gaur arratsaldean herriko plazan, Baionako ustezko hilketa matxista salatzeko.

"Eraso eta erailketa matxista orori gaitzespena adierazteko", elkarretaratze isila egin dute plazan, Baionako ustezko hilketa matxista salatzeko. Emakumeok aske eta bizirik! lemapean egin dute elkarretaratzea dozenaka lagunek, Sostenipe talde feministak egindako deialdiari erantzunez.

Azken erailketa joan den zapatuan Baionan (Lapurdi) jazo zen, 53 urteko emakumea erail baitzuen bere bikotekideak. Euskal Herrian aurten izan den laugarren erailketa matxista dela salatu dute. "Gizonak aurrekariak ditu genero indarkeriagatik, baina horrek ez du ekidin erailketa", azaldu dute Sostenipeko kideek.

Hauteskunde kanpainan "indarkeria matxista bera ukatzen duten diskurtsoak entzuten" ari direla adierazi dute talde feministako ordezkariek, "baita arazoa xenofobiaz mozorrotzen duten diskurtso faxistak ere". "Non daude emakumeok pairatzen ditugun biolentziei aurre egiteko politika integralak eta babes neurriak?", galdegin dute. Jendartea indarkeria matxistaren muinera ez doala ere nabarmendu dute. "Geroz eta ugariagoak dira zigorrean, segurtasun polizialean eta beldurrean sakontzen duten jarrerak", gaineratu dute elkarretaratzeari amaiera emateko. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide