Igandean bertan emango ditu Maxixatzenek Espainiako Gorteetarako hauteskundeen emaitzak

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 7a, 10:00

Maxixatzen.eus-ek, azken hauteskundeetan egin izan duen bezala, jarraipen berezia egingo du datorren igandean, Espainiako Gorteetako hauteskundeetan. Azkoitiko herritarrek emandako botoen emaitzak jarriko ditu horretara egokitutako hauteskunde plataforman.

Datorren igandean, azaroak 10, egingo dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, eta Maxixatzen.eus-ek jarraipen berezia egingo du. Igande gauean, gainera, Azkoitiko emaitzen berri emango du horretarako prestatuta duen hauteskunde plataforman. Grafiko zein taula bidez modu ulergarrian emango ditugu datorren igandeko emaitzak. 

Bigarren aldiz egingo dituzte urte honetan Espainiako Gorteetarako hauteskundeak; izan ere, apirilaren 28an egin ziren hauteskundeen ondoren akordiorik ez zuten lortu. Apirileko bozetan igo egin zen parte hartzea; Azkoitian boto emaileen %74,19k eman zuen botoa. Orduan, EAJk irabazi zituen hauteskundeak. EH Bildu izan zen bigarren indarra, eta Elkarrekin Podemos Azkoitia. 

Ohi bezala, 09:00etan zabalduko dituzte herriko bozkalekuak igandean, eta herritarrek 20:00etara arte izango dute botoa emateko aukera. Jarraian hasiko da boto kontaketa, eta Maxixatzenek publiko egingo ditu emaitzak kontaketa amaitu bezain laster.

Espainiako Gorteak aukeratu behar direnez, bi gutunazal sartzeko aukera egongo da. Batetik, gutunazal zuria, Kongresukoa. Zerrenda bakarra izaten du horrek, alderdi bakarrarena: Espainiako Kongresuan lan egingo duen alderdia. Bestetik, izokin koloreko gutunazala, Senatukoa. Alderdiek Senaturako aurkezten dituzten hautagaiak ageri dira hor, eta aukeratu nahi diren hiru senatariak paperean bertan markatu behar dira (x) ikurrarekin.

Boto paperen zurrumurrua

Azken orduetan bolo-bolo dabil datorren igandeko Espainiako Gorteetarako hauteskundeen boto paperen zurrumurrua. Hautes-zerrenden goiko aldean, Hauteskunde Orokorrak Azaroa 19 jartzen du, eta sare sozialetan zabaldu da paper horiek nuluak direla. Dena den, hainbat alderdik, EH Bilduk eta PSE-EEk kasu, gezurtatu egin dute zurrumurrua. Izan ere, boto paper den-denek dute esaldi hori goiko aldean, eta 19 zenbakiak ez dio azaroko egun horri egiten erreferentzia, 2019. urteari baizik. Balekoak dira, beraz, boto paperak.

Ezagutu Maxixatzenen hauteskunde plataforma.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide