EAJk jaso ditu boto gehien Azkoitian, Espainiako Kongresurako hauteskundeetan

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 10a, 21:00
Azaroaren 10eko emaitzak, grafikoan.

2.475 boto jaso ditu EAJk; 1.866 boto, berriz, EH Bilduk. Hirugarren alderdi bozkatuena PSOE izan da. Apirileko hauteskundeetan baino jende gutxiagok eman du gaur botoa. Apiriletik ia lau puntu egin du behera parte hartzeak.

EAJ izan da gaur, azaroak 10, alderdirik bozkatuena Espainiako Kongresurako hauteskundeetan, Azkoitian. 2.475 boto jaso ditu alderdi jeltzaleak. Gaurko eguneko bigarren indarra EH Bildu izan da, 1.866 boto jasota. Hirugarren alderdi bozkatuena, berriz, PSOE izan da 663 boto jasota. Elkarrekin Podemos alderdiak 592 boto jaso ditu, eta PPk 150.

Haien ostean, eta boto kopuruan alde dezenterekin, Vox alderdiak 94 boz jaso ditu. Ciudadanosek, berriz, 22 boz, PACMAk hamazortzi boto, PUM+Jk hamasei boz, Recortes Cerok sei boto, EBk hiru boto eta ELAK-PCTE boto bat. Horiez gain, 27 boto baliogabe eta 11 zuri ere izan dira Azkoitian.

Hona hemen boto guztien zerrenda:

Parte hartzea, behera

Apirilaren 28an egin ziren Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan izan zen parte hartzearekin alderatuta, ia lau puntu egin du behera parte hartzeak gaur. Azkoitiko erroldaren %70,24k eman du botoa gaur. Apirilean, aldiz, %74,19k eman zuen botoa.

Senaturako hauteskundeak

Senaturako ere EAJko hautagaiak izan dira boto gehen lortu dituztenak. Hautesleen %70,08k eman dute boza, eta Maribel Vaquero (2.486 boto), Mertxe Garmendia (2.459 boto) eta Luke Uribe-Etxebarria (2.435 boto) jeltzaleak izan dira boz gehien jaso dituzten hautagaiak. Horien atzetik, EH Bilduko hautagaiek jaso dituzte boto gehien: Gorka Elejabarrietak (1.929 boto), Olaia Duartek (1.913 boto) eta Aitor Iberok (1.845 boto). Honako lotura honetan ikus daitezke senaturako emaitza guztiak.

Hauteskunde alderaketa

Espainiako Kongresurako egindako azken hauteskundeekin alderatuta, antzeko panorama utzi dute gaur egin diren hauteskundeek Azkoitian. Apirilaren 28an egin ziren hauteskundeetan ere EAJk irabazi zuen Azkoitian, 2.524 boto (%40,30) jasota. EH Bildu izan zen bigarren alderdi bozkatuena, 1.780 botorekin (%28,42). Elkarrekin Podemosek, bestalde, 799 boto (%12,76) eskuratu zituen Azkoitian, PSOEk baino 33 boto gehiago —766 boto (%12,23)—. PPk 148 boto jaso zituen apirilean.

Apirileko hauteskundeak eta azaroko hauteskundeak alderatuta alderdi bozkatuenen artean gora egin duten alderdi bakarrak dira EH Bildu eta PP. Koalizio abertzaleak 86 boto irabazi ditu, eta Alderdi Popularrak bi. Gainerako alderdiek behera egin dute. EAJk 49 boto galdu ditu, PSOEk 103 eta Elkarrekin Podemosek 207.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide