FICA atletismoari lotutako film jaialdia 'Diego Garcia, bidegilea' ikus-entzunezkoaren emanaldiarekin bukatuko dute

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 5a, 17:24

Astelehenetik FICA nazioarteko atletismo film jaialdia egiten ari dira Donostian. Larunbat arratsaldean bukatuko dute jaialdia Aquiles sariak banatuta eta Diego Garcia, bidegilea dokumentalaren emanaldiarekin.

FICA nazioarteko atletismo film jaialdian Diego Garcia, bidegilea dokumentala eskainiko dute larunbatean, Donostiako Aquariumean egingo duten jaialdiaren amaiera ekitaldian. 19:00etan hasiko da saioa. Atletismoa eta zinema uztartzen dituen FICA jaialdia astelehenetik egiten ari dira Donostian, eta larunbatean bukatuko dute. Jaialdiko epaimahaiak Aquiles sariak jakinarazi ondoren ikus ahal izango da Diego Garcia korrikalari azkoitiarra zenaren bizitzari eta ibilbideari buruzko ikus-entzunezkoa. Ekitaldi horren barruan, ultrairaupeneko Asier Cuevas eta Leopoldo Sanchez atleta gipuzkoarrei esker ona adieraziko diete jaialdiaren antolatzaileek. Ikus-entzunezkoarekin lotutako mahai inguru bat ere izango da, eta bertan hizlari ariko dira Diego Garciak gertu izan zituen atletismoko lagun batzuk: Martin Fiz, Alberto Juzdado, Gaspar Esnaola, Santi Perez eta Xabier Leibar.

Diego Garcia, bidegilea dokumentala joan den martxoaren 29an estreinatu zuten Azkoitiko Baztartxo aretoan. Orduko hartan jendetza bildu zen ikus-entzunezkoa ikusteko. Juanan Legorburu kazetariak eta Antton Aldekoak ETB1erako egindako lana da.
 
Atletismoaren inguruko zinema jaialdia Donostian dela eta, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileek Runner Bihotza Diego Garciaren oroimenezko XXVII. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren kanpaina berria aurkeztuko dute bihar, asteazkena. 11:00etan, Donostiako La Perlan. 2020an jokatu den maratoi erdiaren leloa eta irudia aurkeztuko dituzte. Datorren urtean ere martxoko azken asteburuan jokatuko dute Diego Garciaren oroimenezko proba; martxoaren 28an.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide