Bihar amaituko da NDR Orkestra Filarmonikoaren Kursaaleko kontzerturako autobusean lekua erreserbatzeko epea

Datorren asteartean, azaroak 12an, izango da kontzertua, 20:00etan. Autobusa, berriz, 18:30ean irtengo da Eroski txikiaren aurreko geltokitik. Kontzerturako sarrerak Kursaalen webgunean erosten dituztenek, bihar arteko epea dute udalean autobuserako erreserba egiteko. Langabetuek eta 30 urtetik beherakoek sarrerak zein autobuserako tokia Azkoitiko Udalean erreserbatu beharko dituzte.

Hanburgoko NDR Orkestra Filarmonikoak datorren asteartean, hilak 12, Kursaalen emango du kontzertua, 20:00etan. Azkoititik Donostiara joan nahi dutenek doako autobus zerbitzua izango dute; Kursaal Eskura egitasmoaren barruan antolatu dute autobusa. Azkoititik 18:30ean irtengo da autobusa, Eroski txikiaren aurreko geltokitik.

Autobus zerbitzua erabili nahi dutenek, Kursaal Eskuraren barruko kontzertuetarako prozedura jarraituz, kursaal.eus webgunean kontzerturako sarrerak erosi beharko dituzte lehenbizi. 55 euro balio du Hanburgoko orkestraren kontzerturako salgai jarri dituzten sarrera garestienak, eta 11 eurotan eros daiteke merkeena, aipatutako webgunean.

Sarrerak erositakoan, autobusean joan-etorria egin asmo dutenek erreserba egin behar dute bihar, osteguna baino lehen, udaleko 943 85 71 70 telefonora deituta edo kultu@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzita. Langabetuek eta 30 urtetik beherakoek, berriz, autobuserako erreserbarekin batera egin dezakete sarreraren erreserba ere, 3 euroren truke. Gutxienez hamabost pertsonako talde bat ez bada osatzen, eskaintza bertan behera utziko dutela aurreratu du Azkoitiko Udalak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide