Ate joka dira San Martin auzoko jaiak

Asteburuan hasiko dira sanmartinak herriko auzoan, eta seigarren urtez, San Martin mendi lasterketa egingo dute inguruko mendietan barrena. Datozen egunetan, hango ondaregunea ezagutzeko aukera izango da, eta San Martin egunean kanpai festak ez du hutsik egingo.

Azaroarekin batera, ate joka dira San Martin auzoko jaiak, eta Udalak zein auzoko San Martin Mikologi elkarteak dagoeneko prest ditu festak ospatzeko antolatu dituzten ekintzak. San Martin eguna datorren astelehenean izango bada ere, auzotarrak asteburuan murgilduko dira jaietan, eta azken urteetan bezala, San Martin mendi lasterketa egingo dute inguruko txokoetatik.

Seigarrenez jokatuko dute mendi lasterketa larunbatean. 11:00etan hasiko da proba San Martin Mikologi elkartearen ondotik, eta korrikalariek zazpi kilometroko ibilbidea egingo dute inguruko mendietan barrena, iaz baino kilometro bat gutxiago, hain zuzen ere. Izan ere, antolatzaileek egokitu egin dute ibilbidea, baina adierazi dutenez, ohiko mendixkak zeharkatuko dituzte parte hartzaileek, hala nola Txalintxo, Munoandi eta Kukuerri. Handik, berriz auzorako bidea hartuko dute korrikalariek, eta urtero legez, hango mendixkaren tontorrean dagoen ermitako kanpaia jotzearekin batera amaituko dute proba.

Egunean bertan eman beharko da izena, eta horretarako epea proba hasi baino ordubete lehenago irekiko dute antolatzaileek; korrikalariek elkartean bertan inskribatu beharko dute, sei eurotan. Helmugara iristen diren aurreneko gizonezkoak eta emakumezkoak Kurutzia baserriak emandako produktuak jasoko dituzte, eta partaide guztien artean askotariko zozketak egingo dituzte antolatzaileek, besteak beste, masajeak, afariak edota kirol denden eskaintzak. Horrez gain, lasterketa amaitutakoan, hamaiketakoa izango da guztientzat, elkartean. Era berean, dutxa zerbitzua izango da korrikalarientzat, Elkargunean.

Astelehenean, kanpai festa

Festen aitzakian, San Martin ondaregunea ezagutzeko aukera ere izango dute herritarrek datozen egunetan. Juan Bautista Mendizabal kronistak bisita gidatua eskainiko du igandean hango ermitan, eta interesa duen edonork hura sakonago ezagutzeko parada izango du 12:00etan. Horrez gain, astelehenean, San Martin egunean, ondaregunea zabalik izango da egun osoan zehar herritarrentzat.

Herrian tradizio den bestelako ekitaldirik ere izango da San Martin egunean; izan ere, kanpai hotsak izango dira nagusi auzoan, eta horrek izango du oihartzurik herrian ere. Ohi bezala, kanpai festak ez du hutsik egingo aurten ere. Goizeik iluntzera bitartean, auzoan dagoen ermitan ohiko kanpai festa egingo dute bertaratzen direnek ume zein helduek. San Martin egunean meza egingo dute ermitan, 11:00etan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide