Bakardadearen inguruan hausnartzeko postontziak jarriko dituzte Azkoitian

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 4a, 13:51
Mertxe Zubillaga eta Janire Igoa zinegotziak. (Argazkia: Udala)

MatiaZaleak-ek, Matia Fundazioaren bueltan sortutako taldeak, 'Nere lagun bakardadearentzat postala' ekimena abiatu du, bakardade ezberdinen inguruan hausnartzeko gonbitea luzatuz. Azkoitiko Udalak bat egin du proiektuarekin herritarrei parte hartzeko aukera eskainiz.

Uda honetan 'Bakardadeari begira' izeneko argazki lehiaketa bat antolatu du MatiaZaleak Matia Fundazioaren inguruko taldeak. Partaideek bakardadearen begiradak islatu dituzte, "bertan aniztasuna, bilatutako bakardadea, gustura hartutakoa, nahi ez duguna, teknologiak eragiten diguna, natura inguruan bilatzen duguna… bakardade ezberdin asko ikusi ditugu", azaldu dute ekimeneko kideek.

Orain, MatiaZaleak taldeak bakardadearen inguruko hausnarketa partekatzera gonbidatu ditu herritarrak. Ekimena beste hainbat eragileren laguntzarekin jarri du martxan, tartean Euskadi Lagunkoia-Eusko Jaurlaritza. Hausnarketan parte hartzeko, buzoi bat jarri dute Elkargunean postalekin. Nahi dutenek euren hausnarketa idatzi dezakete eta postontzian sartu, gertuko pertsona bati eman edota Matia Fundaziora bidali posta bidez.

Postontzia, Elkargunean

Gutunontzia Elkargunean egongo da, gaurtik, azaroak 4, azaroaren 24ra arte. Azaroaren 25etik abenduaren 15era Aizkibel Liburutegian jarriko da eta udaletxeko Arreta Bulegoan jarriko dute azkenik, abenduaren 16tik 31ra.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide