Azkoitian egingo dute Ahots Baten sormen egonaldia

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 4a, 13:27
Abenduaren 26tik 30era egingo dute aurtengoan ere Ahots Baten sormen egonaldia. Ainara Gurrutxaga aktorea, Iban Urizar Amorante kantaria, Harkaitz Cano idazlea eta Amets Arzallus eta Onintza Enbeita bertsolariak elkartuko dira taldearekin.

Euskarazko ahozko kultur sorkuntzan trebatutako gazteak Ahots Baten sormen egonaldian elkartuko dira bosgarren urtez jarraian. Aurten Azkoitiko Abaraxka aterpetxean egingo dute egonaldia, abenduaren 26tik 30era. Izen-ematea gaur, azaroak 4, abiatu da eta abenduaren 2ra arte egongo da irekita.

Urtean zehar antzerkia, bertsoa, kantua eta literatura lantzen duten gazte sortzaileentzako egonaldia da Ahots Baten, zehazki 15 eta 22 urte bitarteko gazte sortzaileei zuzendutakoa. Antzerki, bertso eta kantu-eskoletako kideentzat da bereziki, baina baita Urruzuno Literatura Sariketako eta Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako gazteentzat ere.

Egun bakoitzean diziplina batekin esperimentatuko dute gazteek, eta adierazpide horretako aditu batekin elkartuko dira: abenduaren 26an, antzerkiaren inguruan ariko da taldea solasean Ainara Gurrutxaga aktorearekin batera; hurrengo egunean, kantua landuko dute Iban Urizar Amorante musikari eta kantariarekin; hirugarren jardunaldia abenduaren 28an egingo dute, eta literatura izango dute mami Harkaitz Cano idazlearekin; azken egunean, bertsolaritza Amets Arzallus eta Onintza Enbeita bertsolariekin.

Ikastolen Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak elkarlanean antolatzen dute Ahots Baten, euskarazko ahozko kultur sorkuntzako beste zenbait eragile eta sortzailerekin batera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide