Beñat Gaztelumendik irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako Azkoitiko final-laurdena

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 3a, 11:57

Atzo, zapatua, jokatu zuten bosgarren eta azken final-laurdena jendez leporaino bete zen Baztartxo antzokian. Gaztelumendi aise nagusitu zen, eta Ane Labaka sailkatu zen bigarren.

Finalerdietara iritsi da dagoeneko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Izan ere, atzo, zapatua, izan zen bosgarren eta azken final-laurdena Baztartxo antzokian, eta erabaki gelditu ziren finalerdietako hiru saioak.

Atzokoa ez zen final-laurdenetako saiorik onena izan, baina Beñat Gaztelumendi aise nagusitu zen; añorgarrak 475 puntu batu zituen. Bigarren Ane Labaka sailkatu zen (455 puntu), eta Maialen Akizu hirugarren (443,5 puntu). Haien atzetik izan ziren Ander Lizarralde (442,5 puntu), Mikel Artola (425 puntu) eta Ane Zuazubiskar (424 puntu).

Atzoko saiotik bi bertsolarik egin dute aurrera, Gaztelumendik eta Labakak. Bost final-laurdenen irabazleak eta puntuazioz beste hamahiru bertsolari igaro dira finalerdietara, eta hiru saiotan abestuko dute horiek.

Lehen saioa Arrasaten izango da azaroaren 17an, eta Agin Laburu, Eñaut Martikorena, Iñaki Apalategi, Nerea Elustondo, Unai Gaztelumendi eta Unai Mendizabal ariko dira nor baino nor. Bigarren finalerdia Oiartzunen izango da, eta Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Asier Azpiroz, Beñat Gaztelumendi eta Iñigo Mantzizidor izango dira agertokian. Hirugarren eta azken saioa, berriz, Tolosan izango da, eta Jokin Urangak, Beñat Lizasok, Haritz Mujikak, Iban Urdangarinek, Jon Maiak eta Oihana Iguaranek abestuko dute.

Hiru finalerdien irabazleak nahiz puntuazio onena lortzen duten beste bost bertsolari izango dira abenduaren 14an Donostiako Ilunben jokatuko den finalean.

(Argazkiak: Gipuzkoako Bertsozale Elkartea)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide