Udalak ia 400.000 euro bideratuko ditu parke estalira eta tenis pistetara

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 1a, 07:57
Asteazkenean egin zen udalbatzarra.
Udalbatzak kreditu aldaketa onartu du EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. Gaztaneneako parke estalian eta Txerloiako tenis pistan egingo dituzte hobekuntzak, besteak beste.
Udalbatzak asteazkenean egin zuen Azkoitiko udaletxean ohiko udalbatzarra, eta eguneko gai zerrendaren artean, kreditu gehigarrien bidezko kreditu aldaketa onartu zuten. EAJk eta PSE-EEk osatutako Udal Gobernuak aldeko botoa eman zuen; oposizioa —EH Bildu eta Azkoitia Bai—aurka agertu zen. Kreditu gehigarriaren espedienteak hainbat puntu ditu, baina inbertsioen atalak sortu zuen eztabaida. Besteak beste, Txerloiako tenis pistetako bat estaltzera 325.000 euro gehiago bideratuko dituzte, eta 73.000 euro erabiliko dituzte parke estalian hobekuntzak egiteko.
 
EH Bilduk ezezko botoa eman zuen udalbatzarrean, eta zergatiak azaltzeko, prentsaurrekoa eman zuen atzo, bilkura aretoan. «Kreditu aldaketak hainbat gai edo proiektu jasotzen ditu, eta aldaketaren zati nabarmen baten alde gaude», esan zuten koalizioko kideek. Bi gairen inguruan koalizioak «iritzi ezberdina» duela eta, ezezko botoa eman zuen udalbatzarrean; parke estaliari dagokionez, «hauteskunde bezperan korrika eta presaka» egin izana egotzi dio koalizioak Udal Gobernuari. «Ia 200.000 euro kostatu zaigu parkea, eta EAJren Udal Gobernuaren aurreikuspen faltagatik, orain beste 73.000 euro ordaindu beharko ditugu azkoitiarrok gure poltsikoetatik». Parkeko hobekuntza «beharrezkoa» ikusi du koalizioak, baina Udal Gobernuaren aurreikuspen falta kritikatu du. «Parkea ireki zen egunean ikusi genuen euria egindakoan busti egingo zela». EH Bilduren arabera, "herritarren parte hartze prozesutik ateratako emaitza errespetatu" egin behar zen, eta uste du "parke handiago eta txukunago bat" egongo zela Azkoitian orain.
 

EH Bilduko udal ordezkariak, udaletxeko bilkura aretoan. 

 
Tenis pistak hobetzeko egingo den inbertsioaz ere aritu ziren. «Beharrezkoa da proiektua aurrera eramatea, baina ikaragarria iruditzen zaigu 150.000 eurotan aurreikusitakoa orain 450.000 eurotara igotzea». EH Bilduren iritziz, herriko irisgarritasun arazoak «lehentasuna» izan beharko luke Udalaren gastuetan. Aurrekontuak egiterakoan "zuhurtzia" gehiago izatea eskatu dio koalizioak EAJri. "Ezin dugu ahaztu herritarren diruarekin gabiltzala eta aurrekontuak ondo egokitu behar dira herritarren beharretara".
 
Azkoitia Bai udal taldeak ere bere ezezkoaren zergatia azaldu zuen udalbatzarrean. «Kreditu aldaketetan erabiltzen duzuen politika ez dugu gustuko, eta aldatzen ez duzuen bitartean ez dugu alde bozkatuko», adierazi zuen Jose Joakin Etxaniz zinegotziak. Halaber, legealdi plana egiteko eta beste taldeekin adostasunera iristen ahalegintzeko eskatu zion Udal Gobernuari.
 
Jasotako kritikei erantzunez, Ana Azkoitia alkateordeak adierazi zuen parke estaliaren alboetatik ura sartzen dela eta euria egitean ingurua asko «narrasten» dela; eremu horretan, argiteria jartzea ere aurreikusi du udalak. Txerloiako tenis pistak estaltzearen inguruan, berriz, Txerloia Tenis Klubak duen eskaerari «erantzuna emateko ordua» dela uste du EAJk. Udal Gobernuak 2015eko aurrekontuetan 150.000 euroko partida jarri zuen, eta alkateordeak aitortu du «teknikoki gehiegi aztertu gabe» onartu zutela partida hura; orduko asmoa «proiektua egiteko konpromisoa erakustea» zela adierazi zuen Azkoitiak. Horregatik, orain 325.000 euro gehiagoko partida bideratu du 800 metro koadroko tenis pista bat estaltzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide