Sormen kaiolak, ateak irekita

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 27a, 14:27
Itziar Elias, Larungo ostatuko kudeatzailea.

Larrunen lan egiten du Itziar Eliasek (Azkoitia, 1980). Larungo Kaiola benta kultur-espazio bilakatu du hark Dani eta Maddi Irazoki neba-arrebekin batera, eta erakusketak nahiz kontzertuak antolatzen dituzte bertan. 900 metrotara dagoen sormen espazioa da Kabia. Azaroko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako erreportajea.

Bada Euskal Herrian zazpi probintziak ikus daitezkeen leku bat, Euskal Herriko bakarrenetarikoa, eta bertan bada mugak “ikusezin” bilakatu nahi dituen artista hirukote bat, mugako benta bat kultur-espazio bilakatu duena. Besteak beste, kremailera-tren batekin hel liteke hara, Euskal Herrian gelditzen den bakanetarikoa hori ere. Lapurdiko Azkaine eta Sara herrien artean dagoen San Inazio mendatetik abiatzen da Larrungo tren ttipia deiturikoa, eta ttirriki-ttarraka, Larrun mendateraino heltzen da egunean hainbat buelta eginez, gora eta behera. Nafarroa eta Lapurdi artean dagoen mendatea da Larrun; Espainiako eta Frantziako estatuen arteko mugako txoko enblematikoa ez ezik, historia eta kondaira zaharrak ezkutatzen dituen txokoa ere bada.

Itziar Elias behin baino gehiagotan igo da hara, autoz nahiz trenez, lan kontuak medio gehienetan. Duela bi urte inguru Dani eta Maddi Irazoki neba-arrebekin Larungo Kaiola ostatua kudeatzen dabil, eta ordura arte souvenir-ak saltzeko bertan zegoen gela kultur-espazio bilakatu dute Irazokitarrek eta Eliasek, eta Kabia izena jarri diote. Irazokitarren aitonak ireki zuen Larungo Kaiola duela 60 urte inguru, eta garai batean La Venta del Pelotari izena zuen ostatuak. Urte batzuk beranduago, hainbat aldaketa egin zuten eraikinean eta Larungo Kaiola izena hartu zuen ostatuak. Eliasek dioenez, Irazokitarren amonaren ideia izan zen ostatuari izena aldatzea: “Larungo Kaiola izena jarri zion ostatuari Maddiren eta Daniren amonak, eta kaiola kabia moduan ulertzen zuela uste dugu”, azaldu du azkoitiarrak. Amonaren omenez, egun, izen berbera mantentzen du ostatuak, eta kultur-espazioari Kabia izena jarri diote.

Irazokitarrek ostatuaren oinordetza jaso zutenean denda bertan behera uztea erabaki zuten: “Okurritu daitekeen guztia zegoen dendan: sevillana jantziak, titareak... Nortasun aldetik, denda zama iruditzen zitzaigun, ez zuen gurekin zerikusirik”, azaldu du Eliasek; “saldu ere gero eta gutxiago egiten zen”, gaineratu du. Hala, Larungo Kaiolako taberna mantendu eta dendari beste erabilera bat ematea erabaki zuen hirukoteak. “Turismo gordinetik atera eta geu ondo sentitzeko leku bat izatea nahi genuen, arnasa emango zigun lekua”, dio. Orduan, denda zaharra erakusgela bihurtzen hasi ziren Elias eta lagunak, eta kultur-espazioa sortzeari ekin zioten.

Ondo gogoan ditu Eliasek proiektuaren hastapenak: “Dena oso mantso eta gure erara egiten hasi ginen; lehenengo urtean erakusgela ez genuela irekiko uste genuen, baina azkenean lanak amaitu eta gure lehen erakusketa jartzea lortu genuen”. Hain zuzen ere, Asier Gogorzaren Mugak erakusketarekin inauguratu zuen hirukoteak Kabia, eta horrekin batera hasi zen guztia. Ordutik, kultur-espazioak bilakaera ona izan duela uste du Eliasek, eta “pixanaka-pixkanaka” beraien asmoak betetzen ari direla. “Irazokitarrak eta ni Beran bizi gara, eta han denak musikariak direnez, ez da zaila kontzertu bat antolatzea”. Erakusgelaren irekieratik, hainbat izan dira handik pasa diren artistak: Miren Narbaiza Mice musikaria, Tapia trikitilaria eta Txiki Agirre Keixeta margolaria, besteak beste.

Oraindik “oso gertuko” jendearekin ari direla lanean aitortu du azkoitiarrak, eta ekitaldiak antolatzeko zailtasunak ere badituztela: “900 metrotara gaude eta gora eta behera ibiltzea ez da erraza”. Kontuak kontu, hedabideetan atera izanak eta ahoz ahokoak mesede egin dietela azaldu du Eliasek, eta bailarako herrietan eta “mugaren bi aldeetan” gero eta ezagunagoa dela euren proiektua. Gainera, trenaren ordutegiak mugatuak dira, eta Larrundik aparkalekura ere oinez jaitsi behar da; hori ere ekitaldiak antolatzeko orduan zailtasuna dela dio Eliasek: “Orain arteko ekitaldi gehienak arratsaldez egin ditugu, jendea etxera egun argiz buelta dadin”, aitortu du.

Zailtasunak zailtasun, hirukoteak hasieran jarri zuen helburuetako bat betetzera bidean, hainbat urrats egin dutela dio Eliasek, Ipar eta Hego Euskal Herriko mugak “ikusezin” bilakatzea, hain zuzen ere: “Gure asmoa ekintzak antolatzerakoan lurralde parekidetasuna topatzea da; adibidez, erakusketako artista hegoaldekoa bada, han kontzertua emango duen abeslaria iparraldekoa izaten ahalegintzen gara”. Ildo horretatik, hainbat lorpen egin dutela ere badio: “Pettik eta Lumik elkar ezagutzea lortu genuen, une hori sortu genuen”. Horrez gain, ekitaldietara doan jendea mugaren bi aldeetakoa izatea ere garrantzitsua dela dio: “Kontzertuetara joaten diren ikusleetako batzuk Sarakoak nahiz Azkainekoak eta besteak Berakoak izatea garrantzitsua da”. Eliasek dio hirukotearentzat muga ikusezina dela: “Ostatuko terrazan hanka bat Nafarroan izan nezake eta bestea Lapurdin. Muga ikusezin hori are ikusezinagoa bihurtzea nahi dugu”.

Hala ere, aitortu du zentzu askotan Ipar eta Hego Euskal Herria banatzen dituen muga oraindik ere “handia” dela: “Ipar Euskal Herrian kultura eta sormen adierazpideak nola tratatzen dituzten oso desberdina da”, dio. Halaber, gaineratu du mugaren bi aldeetako instituzio publikoek ez dutela “elkar ezagutzen”, eta kultur ekintzak programatzeko orduan “modu desberdinak” dituztela. Horrez gain, Hego Euskal Herriko herritarrez hitz egitean dio Ipar Euskal Herriko “oso talde gutxi” ezagutu ohi dituela jendeak: “Hegoaldeko bati iparraldeko lau musika talde galdetzen badizkiozu, agian ez ditu jakingo”. Alor horretan badagoela zer egina dio Eliasek.

Sortzaile eta artista moduan Larrunek zer ematen dion galdetuta, Eliasek argi du sortzerakoan “gauza mordoa” ematen diola han lan egiteak: “Ostatuko sukaldean egiten dut lan, eta hango leihotik dagoen ikuspegia askok nahiko lukete euren etxean”, dio. Eguna argi dagoenean, Pirinioak ere ikusi ahal dituela dio azkoitiarrak, baita gauean lainoak nola sartzen diren ere. Eliasen arabera, guzti horrek asko laguntzen dio urtean zehar proiektu berriak sortzeko orduan: “Larrunen egon ostean, ideien armairua beteta izan ohi dut urte osorako”.

 

"Hegoaldeko bati Iparraldeko lau musika talde galdetzen badizkiozu, agian ez ditu jakingo"

 

Larrun, artisten topaleku

Kabia artistentzako espazio izateaz gain, artistek osatutako espazioa ere bada; Irazokitarrak eta Elias diziplina ezberdinetan aritzen diren arren –Dani musikaria da, Maddi margolaria eta Itziar aktorea–, hirurek batera Bizimiñak antzezlana sortu zuten. Eliasen arabera, Kabian “besteen diziplinak” ulertzeko modua topatu dute: “Nik sekula ez nuen erakusketarik muntatu eta kontu asko ez nituen inoiz pentsatu ere egin; erakusketak norabide bat izan dezakeela, adibidez”, dio Eliasek. Haren arabera, hirurek elkarri ematen diotena "oso aberatsa eta ederra" da. Bizimiñak antzezlana, ordea, ez dute Kabian antzeztu. Ostatura joan ohi direnetariko gehienak frantsesak izaki, “oso mugatuta” daudela dio Eliasek hainbat ekintza antolatzerakoan, hizkuntza kontuak medio. Haiengana heltzea “zaila” dela dio: “Kontzertu bat entzuterakoan berdin zaigu zein hizkuntzatan kantatzen duten abeslariek, baina antzerki edo film bat hitzen jolasa direnez, zailagoa da”. Hala eta guztiz ere, azkoitiarrak dio “irekita” daudela eta “pixkanaka-pixkanaka” joango direla erakusketez eta kontzertuez gain bestelako ekintzak antolatzen ere.

Denboraldia amaitzear dute Larungo Kaiolako jabeek. Maiatzean irekitzen dute ostatua, eta sei hilabetez egoten da irekita. Azaroan, hurrengo maiatzera arte itxi egiten dute ostatua. Modu horretara, Eliasek dio sei hilabetez soldata “finkoa” izateko aukera izaten duela, eta ondoren, beste sei hilabete kulturara “dedikatzeko”. Azkoitiarrak denboraldia amaitzeko gogoa duela aitortu duen arren, ostatua itxita egoten den hilabeteetarako badituzte etorkizuneko erronkak ere: sormen egonaldiak antolatzea, hain justu. “Beti pentsatu izan dugu Larrun sortzeko oso leku ederra dela, eta sormen egonaldiak antolatzeko ostatuko pisu bat egokitzea aztertzen ari gara". Garai batean gizonezko langileen pisua zena egokitu nahi dute egonaldietarako. Izan ere, duela urte batzuk langileek bertan egiten zuten lo, autorik eduki ez eta ezin izaten baitzuten herrira jaitsi: “Ostatuko langileak sei hilabetez Larungo Kaiolan egoten ziren bizitzen. Batetik, mutilen gelak zeuden pisua dago, eta bestetik, nesken gelen pisua; Gran Hermano Larrunen sortu zela diote bertan lan egindakoek”, dio Eliasek, barrez.

 

"Turismo gordinetik atera eta geu ondo sentitzeko leku bat izatea nahi genuen, arnasa emango zigun lekua"

 

Azkoitiarra jakitun da, ordea, sormen egonaldiak antolatzeko hainbat zailtasun izan dezaketela: “Garbi duguna da geuk bakarrik ezin dugula hori guztia egin, laguntza behar dugu”. Artistaren esanetan, Europan oso ohikoak dira halako egonaldiak, eta dirulaguntzak egon ohi dira horiek antolatzeko. “Behin izan nuen aukera Luhuson sormen egonaldi batean egoteko: Eskutitzak obra sortzerakoan izan zen, gainera, eta oso ondo etorri zitzaidan esperientzia”. Larrunen halako bat nahi du Eliasek: “Gure lehen ametsa erakusgela sortzea zen; orain, sormen egonaldiak. Pixkanaka goaz bigarren ametsa betetzera”.

Azken bi urteetan Larungo Kaiolak egindako ibilbidearekin gustura dago Elias, eta helburuak apurka-apurka lortzen joango direla uste du azkoitiarrak: “Ostatuko terrazan bertako musika jartzen ahalegintzen gara, eta gertatu izan zaigu musika gustatu eta terrazako jendeak artistaren izena galdetzea”. Hain zuzen ere, azkoitiarrarentzat halako uneengatik merezi du proiektuarekin jarraitzeak: “Ez da egunero izaten, baina gertatzen denean poztu egiten zara”. Ildo beretik, Eliasek badaki hainbati ez diola ezer mugitzen egiten dutenak: “Batzuk ostatura sartzen dira eta erakusgelari ez diote kasurik ere egiten; beste batzuk, aldiz, harrituta gelditzen dira Larrunen halako leku bat topatuta, eta eskertu egiten dizute”. Kontuak kontu, Ipar eta Hego Euskal Herriko mugak desegiten jarraitzeko asmoa dute Irazokitarrek eta Eliasek, Bera eta Sara nahiz Azkaine eta Zugarramurdi fisikoki bakarrik ez, kulturalki ere gertuago egon daitezen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide